Lazkaon astotxoaren festa, lehiaketa eta ikuskizun

Lazkaotarrek atzo ospatu zuten Astotxo eguna. Bezperan egindako elurteak bazterrak zurituta zituen, eta kanpotik ohi baino jende gutxiago joan bazen ere, iragarritako ekitaldiak burutu zituzten. Plazan, Gipuzkoako enkarterri astoaren 19. lehiaketa egin zuten. Ar onenaren saria Amasako Luzio Jauregiren ‘Urtain’ astoak jaso du (53 zenbakia). Eme onenarena, Azpeitiko Lopetegiren ‘Pluto’ astoak (27). Kurioski, aita-alabak dira biak, ‘Urtain’-en kumea baita ‘Pluto’. 300na euro eta lepoko zintzarri bana jaso zuten, saritzat.

Guztira 62 astok parte hartu zuten lehiaketan. Aurrez, euskal asto arrazakoa dela ziurtatzen duen kalifikazioarekin 49 asto ekarri zituzten. Egunean bertan, 13 gehiagok jaso zuten titulua, ia denak emeak. Plazan 80 buruk osatu zuten erakusketa.

Lazkaon izan ziren, bestetik, ‘Hermano asno’ liburuaren egileak, Eliseo Garcia idazlea eta Desiderio Montero argazkilaria. Estatuko asto tradizioak, arrazak, mantentzeko lanak eta arazoak bildu dituzte liburu mardulean, argazki  ugarirekin hornituta. Salgai jarri zuten, aurkeztu ondoren. Lazkaoko Astotxo festaren aipamena ere badu.

Behin plazako lehiaketa-erakusketa bukatuta, ikuskizuna Zelaira aldatu zen. ‘Egiptorako ihesa’ antzezpenak 30. urteurrena bete du. 1988an hasi ziren, eta atzo 31. ikuskizuna egin zuten. Lehenik, Astotxo Txikian, haurrek egin zuten desfiletxoa. Ondoren, 100 bat herritarrek antzeztu zuten.

 

Utzi ekarpen bat

*

*

Send this to friend