EBA ligako liderraren aurka 69-87 galdu ondoren bigarren itzulia hasteko prest daude Ordiziako mutilak. Taldea indartzeko asmoarekin Ander Merketegi antolatzailea fitxatu du klubak
Gabonetako oporren ondoren, pasa den igandean, berriro ere kantxaratu ziren Ordiziako Basoa Banaketak saskibaloi taldeko mutilak. Etxean jokatu bazuten ere, ezohiko ordutegia, taldean klabe diren bi jokalarien baja eta parez pare ligako liderra izatea, zaletuei garaipena ez eskeintzeko ekuazio perfektua osatu zuten. 69-87, Zornotzako saskibaloi taldearen alde.
EBA ligako 15. jardunaldia izan zen eta horrekin batera, lehenengo itzulia itxi zuten, talde oso indartsu baten aurka: Zornotza Saskibaloi Taldea. Bizkaitarra, EBA ligako AA multzoko talde indartsuenetakoa da, indartsuena ez bada, eta partida bakar bat galdu du lehenengo itzulian, sailkapen nagusian bigarren doan Eatela Cantabriaren aurka hain zuzen.
Espainiako Saskibaloi Federazioarekin denboraldi hasieran izandako tira-birak direla eta, EBA ligako multzo horretan jokatzea egokitu zitzaien. Dena den, bizkaitarrek goragoko maila batean egoteko taldea egin dute. Horren adibide dira, taldea indartzeko egin dituzten fitxaketak: lau atzerritar (3 estatubatuar eta bosniar bat) eta etorkizun handiko bizkaitar gazte bat (Espainiako gazte selekzioekin jokatutakoa), besteak beste.
Irabazten hasi arren, galdu
Dena den, indartsu atera ziren kantxara Ordiziako mutilak, eta lehen laurdena, aldeko markagailuarekin amaitu zuten (24-19). Alde hori, ordea, ez zen nahikoa izan Zornotzakoak kokiltzeko eta bigarren laurdenetik aurrera, haien nagusitasuna erakutsi zuten, atsedenaldira 35-41 aurretik zirela joanez.
Partidak aurrera egin ahala, abantaila handitu zuten bisitariek, hirugarren laurdena 46-68 amaituz. Azken laurdenean sartuta, norgehiagokari buelta ematea ez zen predikzio errezena. Zornotzarrak partidan oso sartuta zeuden, eta Ordiziakoak berriz, joko polita egin arren, ezinean ibili ziren. Azken emaitza, 69-87 bizkaitarren alde.
Lehen itzuliaren balorazioa
Ligaren erdira iritsita, datorren astebukaeran ekingo diote bigarren itzuliari Ordizia Basoa Banaketak taldeko mutilek. EBA ligan jokatzen duten lehenengo aldia da taldekide gehienentzat, eta talde oso gaztea da gainera. Joseba Caballerok klubeko zuzendaritzako kideak adierazi duenez, taldeak «ikasteko asko» dauka oraindik, baina «pozik» dago taldeak lehen itzulian emandako itxurarekin.
Denboraldi hasieran, «oso garbi» zuten «erraza ez zela izango», baina momentuz jarritako helburuak betetzen ari dira. Gaur-gaurkoz jaitsiera faseko postuetatik kanpo daude ordiziarrak, eta bigarren itzuli guztia gelditzen da aurretik joko maila berari eusteko. Caballerok azaldu duenez, «konfidantza osoa» du taldearengan eta «mailari eutsiko» diotelakoan dago.
Hurrengo astebukaeran, Valladolideko La Flecha taldearen aurka jokatuko dute. Joaneko partidan 77-75 irabazi zuten espainiarrek. Itzulikoa etxean jokatuko dute Ordiziakoek, eta oraingo honetan, esperientzia gehiago pilatuta, norgehiagoka irabaztera aterako dira.
Fitxaketa berria
Bigarren itzuliari begira taldea indartze aldera, Ander Merketegi Badiola (Azpeitia, 1998) fitxatu du Ordiziako taldeak. 1,86 metroko altuera du eta antolatzaile bezala jokatzen du. Iraurgi SB taldeko harrobitik ateratako jokalaria da. Harrobia eta lehen taldea uztartu ditu azkeneko hiru urteetan. Zilarrezko LEB liban partida batzuk jokatuta dator jokalari berria.