Bizilagunek 2017ko aurrekontuak zehazteko, parte-hartze prozesuan egindako eskariari erantzun nahi dio udalak. Lanek hamasei asteko iraupena izango dutela aurrikusi dute
Urtarrilaren 22an hasiko da Ordiziako Altamira kaleko urbanizazioa berritzeko obra. Lanek hamasei asteko iraupena izango dutenez, maiatzaren erdira edo bukaerara arte luzatzea aurreikusten du udalak. Lurkide enpresak egingo du lana, 300.000 eurotan esleituta. Gipuzkoako Ur Kontsortzioak esleitu du, Ordiziako Udalarekin 2009an uraren ziklo integrala berritzeko sinatutako hitzarmenaren baitan.
Pasa den asteartean, «zuinketa lana egin zuten eta une honetan enpresa segurtasun eta osasun plana prestatzen» ari dela argitu zuen atzo, Ordiziako alkateak, Jose Migel Santamariak, Altamiran bertan egindako agerraldian. Datorren astean laneko etxolak jarriko direla ere esan zuen eta astelehenean «bandoa jarriko da etxeetako atarietan».
Egingo dituzten lanak
Herriko auzoetan hainbat berrikuntza egiten ari da Ordiziako Udala azken bi urteotan. Altamiran, Okorrobidea kaleko obrarekin hasi zen eta Altamira izena duen kalearen txanda iritsi da orain. Eremu horretan ere, «ur hoditeria berritu, euri ur eta ur zikinen hodiak bereizi, saneamendu sistema aldatu, espaloia zabaldu eta errepideko zorua berritu» egingo direla argitu zuen Ordiziako alkateak.
Argiteria, berriz, dagoena mantenduko dela adierazi zuen Santamariak, «ondo dagoelako». Errepideari dagokionez, norabide bakarra du gaur egun, goranzko norabidea du, eta horrelako mantenduko dute. Egungo hiru metroko zabalera ere mantenduko da. Eskuineko espaloia zabalduko dute, bi metrora iritsi arte. Ezkerreko partean, berriz, hasierako zatian espaloia badago eta horrela segiko du. Dena den, hobekuntza lanak burutuko dituzte. Gorago, beste aldera pasatzeko oinezko pasabideak prestatuko dira, arriskua ekiditeko asmoz.
Herritarren beharra
Jose Miguel Santamaria alka-teak prentsa aurrean azaldu zuenez, «proiektua 2017ko aurrekontuetan aurrikusita zegoen eta parte-hartze prozesuan jasotako ekarpenen artean dago». Bere onarpenerako lehenengo aldiz osoko bilkurara eraman zutenean, «oposizioak bere gehiengoa erabiliz atzera bota» zuela ere esan zuen. Hurrengo osoko bilkuran berriro aurkeztu zuten proposamena eta egun hartan «Altamirako bizilagunek obra egiteko eskaera» egin zutela gogorarazi zuen. Inork ez zuen aurka bozkatu.
Helburua, «herritarrei entzunda beharrak gertutik ezagutzea eta parte hartzea egonkortzea» dela azpimarratu zuen Santamariak. Hastear dagoen proiektu honekin «herri atseginagoa, jasangarriagoa eta seguruagoa» garatu nahi dela ere azaldu zuen. Aurten, Oianguren kalea ere berritu nahi dela aurreratu zuen alkateak.
San Bartolome auzoa
Altamira kalekoa ordea, ez da herriko berrikuntza bakarra. Abenduaren hasieran, San Bartolome auzoko berrantolamendu lanak hasi zituzten. Santamariak jakinarazi zuenez, «azke-nean, bi fasetan egingo dira lanak». Lehenik, Eroski eta N-1 errepidearen arteko lanak egingo dituzte, eta une honetan horretan ari dira. Alkateak esan bezala, «martxa onean doaz lanak». Obraren iraupena, 18 astekoa izango dela aurreikusi dute.