Baterian aparkatzeko egokituko dute aparkalekua. Zerbitzu sarea eta espaloiak ere berrituko dituzte. Garmendia Otaola kaleko espaloi zati bat eraberrituko dute
Loinatz Azpi baserrian 1887an jaiotako Martin Aranburu udal langilearen izena daraman kalean, aparkaleku gehiago egokitzeko lanen proiektua eta berari dagokion esleipena onartu zituzten, abenduko udal gobernu batzordean. Beasaingo Udalak gogorara ekarri duenez, 2015. urtean, legealdi hasieran egindako zirkulazio azterketak, herriko inguru honetan ibilgailuentzako aparkalekuen beharra agerian utzi zuen.
Era horretan, exekuzio proiektuan agertzen diren obrak, Zapatari kaleko biribilgunetik gora doan aldapako errepidean eta Martin Aranburu kalearekin gurutzatzen den eremuari eragingo diote. Honela, aparkalakuak gehitzeko, «Martin Aranburu kalean linean dauden aparkalekuak bateriara» aldatuko dituzte. Eta aldapan, «zuhaitzen artean baterian aparkatzeko plaza berriak» sortuko dira.
Kalearen eraberritze osoa
Obra hori aprobetxatuz, Martin Aranburu kalean eraberritze lanak egingo dituzte. Batetik, zerbitzu sarearen berrikuntza osoa egingo da, eta bestetik, espaloiak errepidearen maila berean kokatuko dituzte, irisgarritasuna hobetzeko eta oinezko eta ibilgailuentzako espazio partekatua bihurtzeko. Udalak gogorarazi duenez, «kontuan izan behar da Martin Aranburu kaleko etxebizitzak 60eko hamarkadan eraikiak izan zirela eta orduz geroztik ez dela zerbitzu sarean aldaketarik egon».
Ur kontsortzioak bere gain hartuko du urak biltzeko sarearen berrikuntza lan guztia; ur zikinak biltzeko sarea eta ur hornikuntza sarea.
Garmendia Otaola kaleko espaloi zati bat berrituko dute
Bestalde, abenduko gobernu batzordean onartutako Garmendia Otaola kaleko espaloi zati bat berritzeko lanak ere txertatu dituzte. «Hondatuta dagoen zatia berritzeaz gain, irisgarritasuna hobetzeko balioko du lan honek». Berritu diren azken espaloietan bezala, asfalto koloreztatua erabiliko da. «Bere ezaugarriengatik, mantenu aldetik kostu urria
du, eta beste aldetik, irisgarritasuna hobetzen da honelako espazioetan».
Esleipenaren prozesua amaitzen denean hasiko dira lanak. Aurreikuspenen arabera martxoaren erdialdean eta bost hilabeteko iraupena izango dutela aurreikusi dute.