2008tik behera egin du denda kopuruak, orduan 140 ziren eta 2016an 104. Aurkeztu berri duten Merkataritza Berrindartzeko Plan Bereziari ekarpenak egiteko epea zabalik dago
Ikerpartners enpresak Legazpiko Udalaren enkarguz egindako bertako Merkataritza Berrindartzeko Plan berezian hirugarren sektorearen egoeraren diagnosi bat egin dute merkataritza zein ostalaritzari dagokionean. Diagnosiaklegazpiarren iritzia jasotzen du, eta bertako merkataritzaren balorazioa eskatu diete. Legazpiarrek lau puntutik 3,1eko nota jarri diote.
Prezioak baloratu dituzte okerren (2,82 puntu), baita Legazpiko merkataritzak eskaintzen duen aniztasuna ere (2,86). Legazpiarrek ondoen baloratu dute bertako dendetan nahiz ostalaritzan hizkuntza aukeratu ahal izatea (3,49 puntu) eta baita tratua zein konfiantza ere (3,43).
Planaren egungo egoeraren diagnosiaren atalean azken urtean Internet bidez egindako erosketei buruz galdetu diete legazpiarrei. %58,5ek ez duela halako erosketarik egin erantzun du eta %41,5ak baietz. Baiezkoa eman dutenen batez besteko gastua 595 eurokoa izan da eta gehienak 18 eta 44 urte bitarteko legazpiarrak dira; batik bat ekipamendu pertsonala nola etxekoa erosi dute.
Legazpitik ihes egiten duen gastua aztertzerakoan, %16,5ekoa dela ondorioztatu dute, eta gehiena ekipamendu pertsonalari dagokion gastua dela. Ihes egiten duen gastu hori nora doan ere ikertu dute. Gehiena Donostiara eta han inguruko merkataritza-guneetara doa (%29), Olaberria zein Beasain ingurura (%23,1) eta Zumarraga-Urretxura (%16,6).
Gastua jaso ere egiten da, guztiaren %3,5 da eta Legazpira lanera doazenek egiten dute, gehienak gipuzkoarrak dira. Ihes eta jaso egiten den gastua alderatuta, kopurua negatiboa da (%-13).
Legazpiko merkataritza zein ostalaritza eskaintzari dagokionez, datu azpimarragarriena da denda kopuruak behera egin duela. 2008an 140 denda zeuden Legazpin eta 2016an 104. Ostalaritzan ere eman da beherakada; 43tik 37ra.
Merkatarien soslaiari dagokionez, %23a 55 urtetik gorakoa dela adierazi dute.
Ekintza plana
Ikerpartners enpresak diseinatu duen ekintza planean bost ildo zehaztu dituzte. Lehenengoan merkataritza eta espazioa lotu dituzte. Auzoen arteko loturak indartzea, merkataritza espazioak indartzea eta hutsik dauden guneak betetzeko ahalegina egiteko ekintzak zehazteko gomendioa egin dute, besteak beste.
Lehiakortasunaren eremuan, esate baterako, ekintzailetzari zein Ilintiri bultzada berria ematea aipatu dituzte. Animazio eta dinamizazioaren ildoan asteko azoka indartzea proposatu dute, adibidez. Bereizitako merkataritza estrategian, langileei, bisitariei, adinekoei zein gazteei zuzendutakoak bereiztearen garrantzia azpimarratu dute. Plana egikaritzeko, azkenik, rol banaketa errealista bat egitearen beharraz mintzo dira planean.
Legazpiko Merkataritza Berrindartzeko Plan Berezia osorik ikus daiteke
legazpi.eus udalaren webgunean; bertan lerro bakoitzari dagozkion ekintzak xehatzen dira. Plana merkatariei zein ostalariei aurkezteko bilera bat egin zuten urtarrilaren 22an Legazpiko Udalak deituta. Bilerak emandakoa ere ikus daiteke webgunean.
Otsailaren 15era arte zabalik dago planari ekarpenak egiteko epea. Ekarpenak idatziz egin behar dira eta idatzia udaletxean uzteko eskatu dute. Nahi izanez gero Herritarren Arreta Bulegoan utz daiteke orria edo
ihernandez@legazpi.eus helbidera idatzita. Edozein modutan, derrigor eman behar dira datuak: NAN-a, izen-abizenak, telefonoa eta helbide elektronikoa.