Astelehenean 12:00etan Loinazko San Martin plazan egingo dute 33. Kapitulua. Arratsaldean pilota partidak daude. Aranealde elkartearen eguna ere ospatuko dute
Astelehena, otsailaren 5a, Loinazko San Martin eguna, egun handia izango da Beasaingo Odolkiaren Kofradiarentzat; 33. Kapitulua ospatuko baitute. 09:30ean, gainerako kofradiei harrera egingo diete Dolarea hotelean. 10:20ean, Igartzako jauregitik aterata, kofradien desfilea egingo dute galako trajeak jantzita, eta txistulariak eta dantzariak lagunduta, Loinazko San Martinen estatuaraino. Bertan lore eskaintza eta ohorezko aurreskua dantzatu ondoren, meza nagusira joango dira.
12:00etan, elizatik plazaraino, desfilea egingo dute, kofradiaren 33. kapituluaren ospakizuna egiteko. Karra Elejalde aktorea eta Olarra Upategia izendatuko dituzte ohorezko kofradiakide berriak: Elejalde, «Beasaingo odolkiaren alde egindako lanarengatik eta bere ibilbide profesionalagatik»; eta Olarra Upategia, «ardo upategi moduan egin duen ibilbidearengatik».
14:30ean, adiskidetasun bazkaria egingo dute Dolarea hoteleko RK jatetxean. 55 euroan daude txartelak salgai, Plazape tabernan, Castillo hotelean eta Jar kafetegian; gaur da txartelak erosteko azkeneko eguna.
Pilota partidak
Arratsaldean ere izango da zertaz gozatua. 17:00etan, Gernika pasealekuko pilotalekuan, Murumendi Pilota Eskolako pilotarien bost partida jokatuko dira: Irastorza eta Izurieta, Mujika eta Aldasororen aurka; Sebastian eta Mujika, Barco eta Zubillagaren aurka; Sanchez eta Iparragirre, Ariztimuño eta Lasaren aurka; Landa eta Zapiain, Zubeldia eta Monrealen aurka; eta Usabiaga Madinaren aurka.
17:30ean, bestalde, Bentazaharreko Mutiko Alaiak taldea ariko da kalez kale kantuan.
Otsailaren 5ean jaiotakoak
Bestalde, otsailaren 5ean, Loinazko San Martin egunean jaiotakoek afaria egingo dute Urkiola Erretegian, 21:00etan. Bikotearekin joateko aukera izango dute urteak betetzen dituztenek. Afal aurretik, 19:30ean, hitzordua jarri dute Basakana tabernan.
Odolki pintxoak plaza azpian
Azken urteetako ohiturari jarraituz, Loinazko San Martin egunean, odolki pintxoak prestatuko dituzte Batzokia Kultur Elkarteko kideek, plaza azpian, 11:00etatik 14:00etara; Beasaingo Udalaren eta Institutuko ikasleen laguntza izango dute. Euro batean salduko dituzte eta irabaziak ikasleentzat izango dira beren ikasbidairako.
Batzokia Kultur Elkartetik herritarrak bertaratzera animatzen dituzte bertako produktua den odolkia dastatuz Beasainentzat berezia den eguna elkarrekin ospatzeko. 2010. urtean hasi zen Batzokia Kultur Elkartea odolki pintxoak prestatzen ditu Plaza azpian Udalaren laguntzarekin ezartzen den postuan. “Urtean zehar Batzokia Kultur Elkarteak ekimen ezberdinak antolatzen ditu herrian eta beste hainbatetan ere parte hartzen du. Horren adibide dira Gabonetako San Silbestre txikia edota Loinazko San Martin eguna ospatzeko prestatu ohi dituzten pintxoak”.