Uraren bidezko komunikazioa

Javi Soto artista goierritarrak hogei margolanez osatutako 'Ura' izeneko erakusketa du ikusgai Ordiziako Barrena kultur etxean. Pertsonak eta natura uztartzea dira bere estiloaren funtsa.

IMG_1652Ura ardatz hartuta, erakusketa polita prestatu du Lazkaon jaio, baina umetatik Ordizian bizi den Javi Soto margolariak. Bere ibilbidean zehar bi oinarri izan ditu nagusi: pertsonak eta paisaia. Eta horiek dira hain zuzen ere, berarentzat naturako elementu garrantzitsuena den horretan integratu dituenak. Tartean, ardatz nagusiarekin kontrastean, hainbat erretratu ere jarri ditu. Guztira, hogei koadro ipini ditu Barrenako erakusketa areto nagusian eta martxoaren 2ra arte ikus daitezke.

Pasa den ostiralean, «lagun eta familia artean inauguratu» zuen Ordizian jarri duen erakusketa. Badira urte batzuk, Ordizian ez zuela erakusketarik jartzen; 2009an izan zen azkena, eta haren esanetan, «polita da norberaren herrian, egindako lana erakustea».

Komunikatu nahia

Igerilekuak eta itsasoa azaltzen dira batez ere Sotok erakusgai jarritako lanetan, «baina gai nagusia pertsona da» eta bere sorkuntzarekin komunikatzea du helburu: «Horrela ez balitz izango egindako lanak zentzua galduko luke».

Igerilekuko margolanekin, «gizakia naturan integratuta irudikatu nahi du. Sotok, bere margolana ulertzeko, koadroan barrena bidaiatzera animatzen du ikuslea; izan ere, «begiekin bakarrik ikusteaz gain, sentitzera ere eraman nahi» du. Igerilekuko artelanetan, haurrak ikus daitezke uretan jolasean. Argazki soila baino harago, «horrelako uneak pertsonarengan sortzen duen poza eta dibertsioa irudikatu nahi» izan ditu.

Surfeko irudiekin, aldiz, «pertsonari berari eman nahi dio garrantzia» Javi Sotok. Koadroetan agertzen diren pertsonak surflariak dira, eta horren bidez «esfortzua eta gizakiak itsasoarekin duen harremana irudikatu nahi» ditu.

Esfortzua bera, «balioan jarri beharreko zerbait» dela uste baidu Sotok. Gizakiak duen «gaitasun bat da eta garrantzia nahikoa ematen ez zaion zerbait» dela ere uste du. Horregatik, «gizakiak zerbait egiteko edota ikasteko egiten duen esfortzuari tokia eman nahi» izan dio erakusketa honetan.

Horrez gain, «gizakiok ditugun beste balio batzuk ere irudikatu» nahi izan ditu Ordiziako artistak bere koadroetan; «gauzak lortzeagatik borroka egiteko gaitasuna, gozatzeko gaitasuna edota irrifar egiteko gaitasuna» irudikatu nahi izan ditu Sotok. Nahiz eta batzuetan «testuinguru sozial, politiko edota pertsonalagatik atera ezin ditugun gaitasunak izan». Gizakiaren «alderdi jatorra eta positiboa erakustea da» Goierriko artistaren helburua.

Ura, naturako elementua

Sua, haizea, lurra eta ura. Naturaren elementuak guztiak, baina Sotok ura aukeratu du. Honela arrazoitzen du Sotok hautaketa: «Mugimendua duen eta jasotzen zaituen zerbait delako». Horrez gain, ura sentitu egiten den elementua dela dio.

Gainera, ura «elementu dibertigarria» dela iruditzen zaio, eta horregatik ari da lanean horrekin azken urteotan.

Erretratuak

Pertsonari garrantzia eman nahi horretan, erretratuak ere ageri dira Sotoren erakusketan, «Aterpe tabernako Txomin da», argitu du. Hiru erretratu daude jarrita, eta aretoan sartu orduko arreta erakartzen duen zerbait da. «Estima handia» dio Goierriko artistak Beasainen dagoen tabernako arduradunari. «Beregan oso ohikoak diren keinuak irudikatu ditut».

Akuarelaz egindako margolanak dira, traza zabalekoak eta ongi nabarmen agertzen dute gizonaren izaera. «Omenaldi modura egidako lana da», nabarmendu du Sotok.

Utzi ekarpen bat

*

*

Send this to friend