Idiazabal eta Elgoibarren arteko partidan gertatua salatuko dute bi taldeek
Gaur aurkeztuko dute idatzia Gipuzkoako Futbol Federazioan eta epaileen batzordean. Federazioak «neurriak hartu aurretik, gertatua ikertuko» du. Euskaraz aritzea galarazi zuen epaileakIdiazabalgo eta Elgoibarko futbol taldeek pasa den larunbatean Idi...
Gaur aurkeztuko dute idatzia Gipuzkoako Futbol Federazioan eta epaileen batzordean. Federazioak «neurriak hartu aurretik, gertatua ikertuko» du. Euskaraz aritzea galarazi zuen epaileak
Idiazabalgo eta Elgoibarko futbol taldeek pasa den larunbatean Idiazabalen jokatu beharreko norgehiagoka beste partida bat gehiago izango zela bazirudien ere, epaileak partidaren aurretik hartutako erabakiak hautsak harrotu ditu. Izan ere, epaileak ohartarazi zien jokalari eta entrenatzaileei euskaraz hitz egiten bazuten kaleratu egingo zituela. Erreakzio ugari sortu ditu harrezkero. Gipuzkoako Futbol Federazioko idazkari Patxi Gabilondok ere gertatutakoa gaitzetsi eta horrelako zerbait «onartezina» dela adierazi du.Bi taldeek gogor kritikatu dute gertatutakoa, eta salaketa aurkeztuko dute Gipuzkoako Futbol Federazioan eta Epaileen Batzordean. Matias Aranburu Idiazabalgo klubeko presidentearen esanetan, «bi taldeek batera idatzia aurkeztuko» dute, «gaur egun horrelako zerbait gertatzea onartezina» dela ikusten baitute.
Hartutako neurriak
Idiazabal eta Elgoibarko taldeak euskaldunak dira biak. Egunerokotasunean «euskaraz bizi» diren pertsonek osatzen dute eta epailearen erabakiak «orain dela 50 urte atzera eramaten» dituela salatu du Aranburuk. Larunbatean, epailearen erabakiaren aurrean, «partida jokatu ala ez, duda handiak izan» zituztela ere esan du, baina azkenean, «gauzak ez okertzeko, partida jokatzea izan zen hartutako erabakia». Dena den, garbi zuten, ondoren «hartu beharreko neurriak hartuko» zituztela.
Eta hori da hain zuzen egingo dutena, gaur aurkeztuko baitute bi taldeek prestatutako idatzia. Oraindik ez dute oso garbi «honek zer ekarriko duen», baina momentuz, «herritar, beste kirol talde eta erakundeen aldetik babes handia sentitu» dute eta «alde horretatik pozik» daude.
Erakundeen salaketak
Idiazabalgo Udalak ere salatu du larunbateko gertakizuna. «Euskararen erabilera bera inor zigortzeko arrazoia izatea onartezina» iruditzen zaio. Horregatik, Gipuzkoako Futbol Federazioari «berriro gerta ez dadin, hartu beharreko neurriak har ditzala» eskatu dio.
Diputatu Nagusiorde, eta Kultura eta Kirol diputatu Denis Itxasok ere azalpenak dizkio federazioari, eta kirola euskara sustatzeko tresna baliagarria dela aldarrikatu du. «Ofiziala den hizkuntza baten inguruan horrelako mesfidantza eta aurreiritziak onartezinak dira». Aldundiak elkartasuna adierazi die bi klubei eta jokalariei.
Federazioak, «neurriak hartu aurretik», gertatutakoa ikertuko duela jakinarazi du.