Oroitu, gizarte hobe bat egiteko
Larunbatean 'Memorian atzera' liburua eta DVDa aurkeztu zituzten Urretxuko Labeaga aretoan. Gerraren eta ondorenaren testigantzak jaso dituzte, adineko herritarren artean.Gerra eta ondorengo urteak pairatu zituzten askok garai haietaz ez hitz egitea er...
Larunbatean ‘Memorian atzera’ liburua eta DVDa aurkeztu zituzten Urretxuko Labeaga aretoan. Gerraren eta ondorenaren testigantzak jaso dituzte, adineko herritarren artean.
Gerra eta ondorengo urteak pairatu zituzten askok garai haietaz ez hitz egitea erabaki zuten, arrazoi ezberdinak medio: beldurra, mina, mendeku gosea ez piztea… Beraien jarrera ulertzekoa da, baina gertatutakoaz hitz egitea komeni dela ikusi da: barrenak husteko, gizarte hobe bat eraikitzeko eta hura guztia pairatu zutenei elkartasuna adierazteko. Hala, herri askotan testigantzak jasotzen ari dira. Urretxu eta Zumarragan 72 lagun elkarrizketatu dituzte eta liburu bat eta DVD bat kaleratu dituzte. Gainera, erakusketa bat ireki dute.Liburua eta DVDa larunbatean aurkeztu zituzten Urretxuko Labeaga aretoan. Lan hau Memorian Atzera taldeak egin du eta ekitaldian taldeko Idoia Agirre, Haritz Berasategi eta Aritz Ormazabal egon ziren. Alex Areizagak ez zuen joaterik izan. Jon Luqui Urretxuko alkateak eta Mikel Serrano Zumarragako alkateak ere parte hartu zuten.
Aurkezle lana Antxiñe Mendizabalek egin zuen. «Proiektu honen bihotza eta muina zuek emandako lekukotzak dira. Gerra zibilean gertatutakoa ezagutzera emateko beste urrats bat da, hurrengo belaunaldientzat baliagarria izango dena. Liburu honetan aurrekoetan ez dagoen informazioa dago eta emakumeen presentziari garrantzi handiagoa eman zaio. Beti pentsatu dugu gerraren protagonistak gizonak direla, baina sufrimenduak ez du generorik».
Gertatutakoa ez ahanzteko
Luquik memoria ez dena, ahanztura dela esan zuen. «Ahanzturan oinarri hartuta, ezinezkoa da gizarte bat eraikitzea. Are gutxiago, mina tartean dagoenean». Herritarrei liburua irakurtzeko gomendatu zien. «Zenbat eta gehiago irakurri, garai hura orduan eta hobeto ezagutzeko handiagoa da gogo a. Gainera, Urretxu eta Zumarragako historiaz hitz egiten ari gara. Pasarte batzuk mingarriak dira, baina irakurtzea komeni da. Opari bikaina egin diguzue, iraganari aurre egiteko eta akatsak ez errepikatzeko».
Serranok ere testigantzak eman dituztenei eta Memorian Atzera taldekoei eskerrak eman zizkien. «Berandu, baina zuekin genuen zorra kitatu dugu. Ez zaudete bakarrik. Gorrotorik gabe bizitzen irakatsi diguzue. Ez dezagun gertatutakoa ahaztu, akatsak ez errepikatzeko».
Zauriak sendatzeko asmoa
Memorian Atzera taldekoen izenean Berasategik hitz egin zuen. «1936ko altxamendu frankista eta ondorengoa gure iragan kolektiboaren garai garrantzitsu bat da, baina gauza gutxi genekien gatazka horrek gure inguru hurbilean eragin zuen minaz», aitortu zuen.
Zauriak sendatzen saiatu direla gehitu zuen. «Sendatu gabeko zauriak berriro ireki eta ondo josten saiatu gara. Sendatze bidean jarri. Bihotzak ireki eta minak partekatu. Minari ere hitz egiten utzi behar baitzaio. Minari arnas hartzen utzi behar zaio».
Esperientzia «terapeutikoa» izan dela esan zuen. «Testigantza asko ez ziren kontatzen errazak izan. Ezta entzuten ere. Baina guztiok ikasi dugu lan honetatik. Historia ez dela beltza edo zuria ikasi dugu. Minak gorde egiten direla eta, sendatu ezean, bizitza oso batean zehar gurekin eraman ditzakegula».
Urretxuk eta Zumarragak ezin diotela beraien iraganari bizkarra eman ikasi dute, batez ere. «Gai hauek elkarrekin landu behar ditugula atera dugu ondorio. Garrantzitsua dela lanketa kolektibo hori, elkarrengana gerturatze hori, elkarren minak eta pozak partekatze hori. Horrek egiten du gizarte bat gizarte eta ez herri berean jaio izanak edota kale berberak zapaltzeak», azaldu zuen.
Ekitaldia Mendizabalen hitzekin amaitu zen. Herritarrei liburua irakurtzeko, DVDa ikusteko eta lanean jarraitzeko eskatu zien. «Lekukotza hauek ez dira ezer beste aldean ezer ez badago. Ez dugu biktima-borrero bereizketa egin behar, baizik eta zergatik gertatu zen ulertu».
Liburua eta DVDa bi herrietako kultur etxeetan eta Urretxuko liburutegian jarri dituzte salgai, 10 eurotan.