Herrigintzak aurkako botoa eman arren onartu du Ataungo Udalak 2018ko aurrekontua. Herritarrekin azaroan eginiko batzarrekin gustura agertu da udala
Otsailaren 8an onartu zuen Ataungo Udalak 2018ari dagokion aurrekontua, Herrigitzak aurkako botoa eman bazuen ere. Aurreko urtearekin alderatuz, 400.000 euroko igoera izan du aurtengoak.
Udalaren aldetik pozik agertu da Karmele Aierbe zinegotzia, auzoka egindako batzarrekin, herritarren nahiak kontuan izanda. Aurrez zirriborroa aurkeztu zuten, eta ekarpenekin moldaketak egin zizkiotela dio, parte hartze polita izan baitzen.
Zenbakiei erreparatuz, 2018ko erronka nagusia gutxieneko inbertsiora begira ezarri du Ataungo Udalak. Iaz baino 114.000 euro inguru gehiagoren beharra izango dutela aurreikusi dute.
Udal zergetan igoerarik ez
Diru sarrerei dagokienez, Aierbek adierazi du udalak lehentasuna ataundarren ongizateari eman diola. Sarrerekin aski izan eta udal zergen igoerarik ez egitea onartu dutela dio zinegotziak, aurtengoagatik behintzat.
Herritarrekiko apustua ez dela urteroko kontua izango ere esan du Aierbek. Udalak «autonomia guxti» duela honelako erabakiak hartzeko dio, eta «aukera murritza» badute ere, aurtengoan honela egitea erabaki dutela.
Gastua handitu da
Aurrekontuan eragin gehien udalaren gastuak areagotzeak izan du. Urtero ematen diren gastu finkoez gain, soldaten behin betiko eguneratzea gauzatu dutela dio zinegotziak. 16 urteren ondoren, lanpostuen balorazio eta eguneratzearekin amaitu dute. Iaz baino 5 langile gehiagoren beharra aurreikusi dute, guztira 14 udal langileko taldea osatuz. Aierbek gaineratu du zuzeneko lanpostuak eskaini nahi dituela udalak, ahal duen neurrian, azpikontraten m
enpe ez egoteko.
Aurrez udalak zituen konpromezuak ere kitatu dituztela dio Aierbek, Otsobidekoak alegia. Ondorioz, azken ordainketarekin San Martingo plaza atzeko lur sailen jabetza eskuratu du.
Beka berria eskainiko da
Sinatu eta sustatuko diren hitzarmenen artean, badira berritasunak aurreko urteekin alderatuz. Joxe Martin Apaletegi antropologoak utzitako bideari jarraipena eman nahi dio udalak.
Ataun Aztergai Beka izena hartu eta 13.000 euroko inbertsioa izango du. Ataun mapan kokatu duen antropologoa gogora ekartzeko, Apalategi beraren familiaren babesarekin egingo den omenaldia eta ikus-entzunezkoa ere gauzatuko dute.
Udaletik Aierbek esan du alor guztiei eman nahi dietela tartea, dituzten ahalmenen barruan.