Goierri Kopa Traileko lasterketa guztietan parte hartu eta lehen postuetan sailkatzea du helburu Martin Diez Virtok. Garingo proban bigarren geratu zen, eta gogoz dago igandean UZ Trailean parte hartzeko.
Astean zehar Industria Ingeniaritzako Masterra ikasten du Martin Diez Virtok (Segura, 1995) Bilbon, hirian. Asteburua heldu orduko, ordea, mendira ihes egiten du, korrika egitera. Ara-zoak ahaztu eta erlaxatzeko aukera ematen dio mendian korrika egiteak, hala adierazi du. Gozatzeaz gain, emaitza onak ere lortu ditu. Iaz, bigarren postuan geratu zen Goierri Kopa Traileko distantzia luzeko probetan. Aurten ere ezin hobeto hasi da: Garingo lasterketan, urtarrilean, bigarren postuan sailkatu zen. Kopako bigarren proba, berriz, igande honetan jokatuko dute Urretxu-Zumarragan: UZ Traila.
Noiz hasi zinen korrika? Eta nolatan?
Unibertsitatera joan nintzenean hasi nintzen astean pare bat aldiz korrika egitera joaten. Ordura arte futbolean ibili nintzen, baina Bilbora ikastera joan nintzenean utzi egin nuen, eta kirola egiten jarraitzeko asmoz hasi nintzen korrika.
Mendian hasi zinen korrika, ala lehenago pistan egiten zenuen?
Hasieran errepidean korrika egiten nuen, astean zehar Bilbon bizi nintzenez, aukera gutxi bainuen mendira joateko. Txikitatik, ordea, mendian ibili izan naiz nire gurasoekin, eta betidanik gustatu zait mendia eta harekin lotuta dagoen jarduera oro. Ikusita mendian korrika egiteak zuen arrakasta, proba egitea erabaki nuen eta errepidean ibiltzea baino askoz gehiago gustatu zitzaidan.
Mendia nahiago duzu, hortaz, errepidea baino. Zergatik?
Entretenigarriagoa iruditzen zait; errepidean segituan aspertzen naiz. Errepidean korrika egitean erritmo konstante batean korrika egiten da, gehienbat ibilbide laua delako. Aldiz, mendian igoerak eta jaitsierak daude eta erritmoa oso aldakorra da. Gorantz gehiago sufritu arren, jaisten asko gozatzen dut. Gainera, paisaia eta txoko zoragarriak ikusteko aukera ematen du. Pista batean bueltaka ibiltzean edo errepidean korrika egitean ez dago aukerarik naturaz eta inguruneaz horrenbeste gozatzeko.
Zer sentitzen duzu mendian korrika egitean?
Mendira joateak hiriko zarata eta estresa, buruan bueltaka dabiltzan hainbat buruhauste eta abar ahazteko aukera ematen dit. Inguratzen nauen guztia ahazteko aukera ematen dit, momentu batez arazo guztiak alde batera utzi eta erlaxatzeko.
Iaz bigarren geratu zinen Goierri Kopa Trail-ean, distantzia luzeko probetan. Espero al zenuen hain aurrean sailkatzea?
Egia esan, ez nuen espero. Kopako lasterketa gehienetan nahiko aurrean sailkatu nintzen, baina inolaz ere ez nuen espero sailkapen orokorrean bigarren postuan amaitzerik.
Zer iruditzen zaizu Goierri mailan horrelako proba bat antolatzea?
Oso ideia ona iruditzen zait Goierri mailan kopa antolatzea, honela bertako lasterkariek etxeko probetara joateko aukera dute. Gainera, kopa bat izatean motibazio gehiagorekin parte hartzeko aukera eskaintzen du, jakinda lasterketa guztiak direla garrantzitsuak eta guztietan ahalik eta postu onena lortu behar dela sailkapen orokorrean aurrean mantentzeko.
Zein da Goierri Kopa Trailetik gehien gustatzen zaizun lasterketa? Eta gutxien?
Gehien gustatu zitzaizkidan probak Gabiriako Leharrei mendi lasterketa eta Segurako Sanson proba izan ziren. Gabiriako lasterketako ibilbidea asko gustatu zitzaidan, batez ere, Otañuko azken igoera. Bestalde, Segurako lasterketa, etxekoa izanda, berezia da. Gainera, iaz laugarren postuan sailkatzea lortu nuen lasterketa on bat egin ondoren, benetan gustura geratu nintzen egindakoarekin. Gutxien disfrutatu nuen lasterketa, berriz, UZ Traila izan zen. Ez antolakuntza edo ibilbidea egokiak izan ez zirelako, lasterketa kaxkarra egin nuelako baizik, sentsazio txarrarekin amaitu nuen eta oroitzapen horrekin geratu naiz. Ea aurten lasterketa hobea ateratzen zaidan, behintzat iazko zapore txarra kentzeko.
Aurten ere emaitza onekin hasi zara. Garinen bigarren sailkatu zinen. Gustura?
Oso gustura amaitu nuen lasterketa. Nuen guztia eman nuen eta emaitza ona lortu nuen, ezin da gehiago eskatu. Denboraldiko lehen lasterketa izanda, beti dago zalantza ea gorputzak nola erantzungo duen, baina dena ondo joan zen eta pozik geratu nintzen egindakoarekin.
Aurtengo zure helburua irabaztea izango da, ala iazko bigarren postuari eustea?
Aurtengo helburua kopako lasterketa guztiak egitea izango da. Ea iaz bezain ondo ibiltzen naizen eta sailkapen orokorrean lehenengo postuetan sailkatzen naizen. Denboraldia luzea da eta beti egon daiteke lesioren bat edo, baina dena ondo joaten bada, kopa irabazteko aukerekin iritsi nahi dut azken lasterketara, ea posible den.
Kopako hurrengo lasterketa otsailaren 25ean izango da, UZ Trail. Nola ikusten duzu zure burua?
Nire lasterketa egiten saiatuko naiz, eta ea lehen postuetan ibiltzeko aukera dudan. Entrenamendu onak egin ditut azken asteetan eta ea indartsu nagoen, motibazio faltarik ez dut behintzat. Ibilbide gogorra da eta seguru aski lokatz asko egongo da, baina lasterketa polita izango da.
Zein ikusten duzu arerio indartsuena Goierri Kopa Trailean?
Juanjo Igartzabal izan zen iazko irabazlea eta aurten ere bera ikusten dut faborito nagusia kopa irabazteko. Iazko lasterketa guztietan oso aurrean sailkatu zen eta orokorrean indartsuena izan zen. Beraz gain, korrikalari on asko dago eta lehia estua izango da lasterketa guztietan.
Korrikalari modura, zein dira zure puntu indartsuak eta zure ahulguneak?
Uste dut nahiko ondo neurtzen ditudala indarrak eta lasterketa amaieretara nahiko ondo iristen naiz indarrez. Gainera, txikitatik mendian ibili naizenez ez dut beldurrik aldapan behera azkar joateko, nahiko eroso sentitzen naiz jaitsiera teknikoetan. Aldiz, aldapa oso tenteak igotzea ge- hiago kostatzen zait.
Goierri Kopa Trailaz gain, zein proba gehiagotan hartu izan duzu parte?
Iaz Zegama Aizkorri mendi maratoian parte hartzeko aukera izan nuen eta esperientzia ahaztezina izan zen. Lasterketa ez zitzaidan nahi bezain ondo atera; hala ere, oso gustura amaitu nuen bizi izandako esperientziagatik. Gorbeia Suzien Ternua lasterketan ere parte hartu nuen, uste baino postu hobea lortuz. Ibilbide zoragarria iruditu zitzaidan eta asko gozatu nuen. Pena aurten ez dela egingo.
Korrikalari gisa, zein dira zure erronkak aurrera begira?
Egia esan, ez dut epe luzera asko pentsatzen, aurtengo denboraldia ea ondo joaten den eta mendiaz gozatzen jarraitzen dudan. Iaz Zegaman izan nuen esperientzia errepikatzea gustatuko litzaidake baina zaila izango da, mundu guztiak nahi du Zegamako lasterketan parte hartu.