'Ikusiz, entzunez, eskainiz; Hazi' izenburua jarri diote 2018ko Lazkaoko Aste Kulturalari. Martxoaren 12tik 18ra izango da. Egiten diren ekintzekin gozatzea dute helburu.
Martxoaren 12tik 18ra Aste Kulturala ospatuko da Lazkaon. 2018ko edizioa ere Lazkao Txiki Musika Eskolak antolatu du beste hainbat eragilerekin elkarlanean.
Aurtengo leloa
Ikusiz, entzunez, eskainiz; Hazi izango da, eta gainontzeko urteetan bezala, ekintza eta emanaldi desberdinez jantziko dituzte kaleak.
Antolatzaileek azpimarratu nahi izan dutenez, ohiko kontzertu eta ekitaldiez gain, tailerrei eman nahi izan diete garrantzia 2018ko Kultur Astean.
Egitaraua azaldu dute
Aste osorako plangintza osatu dute. Martxoaren 12an piano eta bateriaren arteko jolas bitartez antolatuko diren tailerrekin abiatuko da Kultur Astea. Bi saio izango ditu horrek, bata goizean haurrentzat eta bestea arratsaldean, helduei zuzendua. Tartean, IV. Euskal Kantu Txapelketa ere izango da Arerian.
Asteartean bi ekitaldi nagusituko dira. Lehena Egurrezko Trikitixen inguruko hitzaldia izango da Kultur Etxean. Ondoren
Oniris marrazki bizidun musikatua estreinatuko da Arerian. Beñat Barandiaranek zuzenduriko ordubeteko proiektua da.
Martxoaren 14rako San Benito Ikastolako haurrek prestatuko duten
Trakamatraka ikuskizunaren bi emanaldi eskainiko dira Arerian. Iluntzean berriz,
Biolina eta zapatak kontzertu didaktikoa eskainiko du Harkaitz Minerrek.
Ostegunean, ikastolako haurrek ikusiko duten proiekzio batez gain, arratsaldean musika izango da Manuelene Plazan. Ondoren Oin-arin dantza taldekoekin erromeriarako aukera izango dute lazkaotarrek.
Asteburura begira jartzeko ikasleentzat ipuin musikatuak eskainiko dira, eta arratsaldean frontoian zirkoa eta konbo taldeen kontzertuak egongo dira entzungai gerturatzen den ororentzat.
Larunbata jai
Hutsune bat izango du egitarauak. Astelehenetik igandera arteko egutegia antolatu dute, larunbata libre utzita. Hain zuzen ere, matxoaren 17an Goierri Rallysprinta izango delako. Egun horretarako pentsatua zuten trikitxa txapelketa apirilaren 14ra atzeratu dute.
Igandean Easo Jazz Orkestra gonbidatu dute 2018ko Aste Kulturalari amaiera emateko. Euskal Herrian gehien kontsumitzen diren musika estiloetatik harago joan direla aitortu dute antolatzaileek. Ohikoa ez den jazz-a Donostiako Francisco Escudero kontserbatoriotik ekarriko dute, Big Band-aren eskutik.
Musika eskolarekin batera
Aste hori Lazkao Txiki Musika Eskolak antolatzen duen arren, elkarlanean aritu diren herriko hainbat eragile izan dira aurkezpenean. Lazkaoko Udalak eskerrak eman dizkie eginiko lanagatik. Baita San Benito Ikastolako ordezkariek ere. Aurkezpera gerturatu dira, hitzik hartu ez arren, Lazkaon Merkatarien Elkarteko kideak, Maizpide Euskaltegikoak eta baita Oin Arin dantza taldekoak ere.
Azkenik, Joxepa Madariagak, Gerriko kultur elkartearen aldetik, musika eskolari eskerrak emateaz gain data bat ekarri nahi izan du gogora. Hain zuzen ere, Lazkao Txiki hil zela 25 urte egingo dira aurten, eta horri lotuta ekintza bereziak antolatuko direla aurreratu du Madariagak.