Hutsune asko eta egoera ezerosoak sortu ditu elurrak asteroko ferian. Hotza eta irristakorra izan da goiza; zero azpitik markatu du termometroak goizeko lehen orduetan.
Barazki freskoekin dabiltzanek produktuei aterabidea lehenbaitlehen eman behar diete, eta astearteko eguraldi ederra lagun bildutakoak saltzera etorri zirenak kexu ziren atzokoan. Bereziki, Ordizian bertan izan zituztelako zailtasun eta arazo handienak plaza guneraino iristeko. Postu asko hutsik ziren eta bezero gutxiago ere bazebilen; irristakor ziren bideak, eta horrek ere jendea atzeratu zuen. Hala ere, Zumarragatik, Legazpitik, Ibarratik, Donostiatik, Aguraindik… etorritakoak hor ziren eta horixe zioten: «Bidean poliki-poliki ondo, hona iritsi, eta hemen komeriak».
Plaza inguruan jarri ohi direnen artean, pala eta erratza lagun, postu ingurua garbitzen aritu ziren Rueda fruta saltzai-leak. Plaza barruan jarri ohi direnen artean, berriz, ohiko tokia barnealdeko batengatik aldatu behar izan zuena ere izan zen, elurra plaza barreneraino sartzen zelako, Aldaba Zaharreko Salba Kuadrado, esate baterako, baina baikor sumatu genuen: «Hau sanoa da, gustura nago ni eguraldi honekin».
Goizane (baserritarren omenezko irudia) eta bere barazkiak zuri ziren plaza sarreran.
Beheko arboladia eta udaletxe azpia hutsik, eta plazako termometroak bi gradu zero azpitik eta zero artean dantzan ibili ziren 10.30a inguruan.
1956ko negua gogoan
Aspaldiko oroimenak astintzeko balio izan zuen atzokoak. Hala, Itsasoko Estala Goitiko Maria Jesus Oriak zioenez, «gure ama Agustinak kontatzen du hilabete osoa pasa zutela 1956an feriara ezin etorriz, elurrak, izotzak-eta luze jo zutela, oso negu gogorra izan zela». Hala oroitzen omen du Ordiziako feriara txikitatik etortzen hasi eta ia 90 urtera arte, duela gutxira arte, etorri izan den Agustina Lopetegik.
Eta urte bereko erreferentzia aipatu digu Ibarrako Montes Etxeko Patxi Izagirrek, amak askotan kontatzen ziolako: «Ni jaio berria nintzen, eta suton-doan hilabetea eduki omen ninduen amak hotzari aurre egiteko. Markatua gelditu zitzaion gure amari negu hura». Izagirreren amak Teresa Caminos du izena.