Dantza saioa eta bertako produktuak dastatzeko aukera izan da goizean; arratsaldean kontzertua elizan eta ardo dastaketa plazan.
Goizean, Eltziego & Friends gaita jotzaileek eskainitako kalejirarekin hasi da Eltziego eguna Idiazabalen. Orain bost urte senidetu ziren Eltziego (Araba) eta Idiazabal eta ordutik urtean bitan elkartzen dira bi herrietako ordezkariak: neguan Idiazabalen eta udaberrian Eltziegon.
Eguerdian Eltziegoko ardo eta produktu dastatzea egin dituzte plazan. Arabar Errioxatik etorritako gaiteroek giroa jarri dute herriko kaleetan eta dantzariek ere emanaldia egin dute bazkal aurrean. Beren kultura goierritarren artean ezagutzera eman asmoz, Ardoaren dantza egin dute (irudietan) ekitaldiari hasiera emateko.
Bazkaltzeko goiz osoan zehar plazan bertan prestatutako Eltziegoko jaki tipikoak dastatzeko aukera izan dute bertara gerturatu direnek. Arratsaldean, 18:30ean Eltziegoko Santa Zezilia musika bandaren kontzertua izango da Mikel Deunaren elizan. Ondoren, ardo dastaketa egingo dute plazan Eltziegoko enologo eta hainbat upategitatik etorritako ordezkariek gidatuta. Parte hartu nahi dutenek bi euro ordaindu beharko dituzte.
Ikusi goizak eman duenaren argazki galeria: