Segurtasun falta salatu dute. Arrisku-plusa kobratzeari utzi ziotela kritikatu dute. Ibaiondoko gazte batzuk delitu larriak egin dituztela gogoratu dute
Ibaiondo adin txikikoen zentroko zaindariek segurtasun falta salatu dute eta lan baldintzak hobetzeko eskatu dute. Soldatak «eskasak» direla esan dute eta igoera eskatu dute, arrisku-plusaren bitartez. Langile gehiago kontratatzea ere eskatu dute. GOIERRIKO HITZA-k zaindarietako batekin (ez du bere izena eman nahi) hitz egin du bertako lan baldintzei buruz.
Langile horrek Ibaiondo ireki zenean bi modulu bakarrik zeudela eta egun bostak ia beteta daudela gogoratu du. «Lehen baino askoz ere lan gehiago dago. Gainera, lehen lapurretak egindako gazteak zeuden eta egun batzuk sexu erasoengatik eta hilketengatik daude».
Lehen egun baino gehiago kobratzen zuten. «Eusko Jaurlaritzak kontratatutako enpresa batentzat lan egiten dugu. Oinarrizko soldata 970 eurokoa da. Arrisku-plusa kobratu beharko genuke, hasieran bezala, eta langile gehiago egon beharko lirateke».
Lan «arriskutsua»
Beraien lana «arriskutsua» dela dio. «Lan hau oso gogorra da. Arriskua dugu eta gazte batek hezitzaile bat jotzen badu, kalera goaz. Gainera, zentroak ez gaitu babesten. Gazte batek zaindari bat jo zuen eta epaiketan zentroak gaztearen alde egin zuen».
Egunez zazpi zaindari daude eta gauez hiru. 19 langile dira, baina hiru bajan daude. Horietako bi, arazo psikologikoak medio. «Hilean 240 eta 280 ordu artean lan egiten dugu. Lan txandak 12 ordukoak dira. Batek kontrol gunean lan egiten du eta besteok gazteak modulu batetik bestera eramaten ditugu. Horretaz gain, istiluei aurre egin behar diegu. Astean bizpahiru istilu gogor egoten dira. Bakoitzak hilean lauzpabost aldiz gazte bat menderatu behar izaten dugu. Edozer gauza baliatzen dute irakasleei edo guri erasotzeko. Gazte batzuk oso oldarkorrak dira eta min egitea dute helburu. Kaskoa eta ezkutua erabiltzen ditugu. Beste gazte batzuk, berriz, oso lasaiak dira».
Arauen arabera, ezin dute gazteekin harremanik izan. «Harremanik ez izateko esaten digute, baina adeitsua izatea hobe da. Hori bai, ezin dugu lagunak izan», amaitu du Ibaiondoko zaindariak.