Osinberde saioarekin hasiko da Osinalde bertso saria eskuratzeko bidea. Etzi Zaldibian jokatuko den saiotik puntu gehien lortzen dituzten biak sailkatuko dira. Finala apirilaren 7an da, Gabirian
Iazko Osinberde sariketaren laburpen bideoa, Zaldibia.org atariak egina
Osinalde Saria lortzeko bidea hasiko da etzi bertsolarientzat Zaldibian. VI. Osinberde Saria jokatzeaz gain, Gabiriako finalerako bi txartel dituzte jokoan bertan protagonistek.
Zaldibiako Bertsozale Elkartearen eskutik afaria antolatu da eta ondoren hasiko dira kantuan bertsolariak. Joxepanen izango dira bertso saioa zein afaria, 20:30etik aurrera. Txartelak bertan daude aurrez salgai, 25 euroko prezioan.
Etzi, Osinberde Sariko txapelduna erabakitzeaz gain, puntu gehien biltzen dituzten bi bertsolariek egingo dute aurrera kanporaketan.
Kontuan izan behar da ez duela zertan bertsolari bera izan irabazlea eta sailkatua, lehena bertaratzen den publikoak erabakitzen duelako eta puntuak, berriz, epaileek banatzen dituztelako.
Probintzia askoko saria
Seigarren edizio honetan ere, bertsolari gazteen parte hartzeaz gain, probintzia aniztasuna topatuko du bertsozaleak.
Goierritarren ordezkaritza Eneko Araiztegik beteko du. Ataundarrarekin batera Gipuzkoako, Bizkaiko, Nafarroako eta Lapurdiko bertsolariak lehiatuko dira Osinalderako sailkatzeko bi txartelen borrokan.
Gipuzkoarren multzoa Danel Olano getariarrak osatuko du. Etxarri Aranaztik Saats Karasatorre etorriko da, nafartarren ordezkari gisa. Bizkaitik bi bertsolari gerturatuko dira, Sopelatik Paule Loizaga eta Muxikatik Asier Galarza. Lapurditik, Azkainetik, Aitor Servier etorriko da.
Hurrengo hitzorduak
Hiru kanporaketek erabakiko dute Osinalde Sariko finala nortzuk jokatuko duten, bakoitzetik bi plaza betez. Lehen biak Zaldibiako Osinberde Sariko sailkatuek osatuko dituzte.
Aztiriko Sarian dute bertsolariek hurrengo hitzordua. Martxoaren 17an jokatuko da aipaturiko hau, Aztiri elkartean.
Azkenik, Ordiziako Argi Berri Sarian osatuko da finaleko zerrenda, martxoaren 24an.
Bertsolarien harrobi
Egungo gazteek badute non aukeratu, goi mailako hainbat bertsolarik utzi baitute arrastoa Osinalde Sarietan. Maialen Lujanbiok, Ator Sarriegik eta Nerea Ibarzabal ek, besteak beste.
Osinalde Sariketako saioak
Osinberde saria· Noiz. Etzi, Zaldibian.
· Bertsolariak. Eneko Araiztegi ‘Korta’; Asier Galarza; Saats Karasatorre; Paule Ixiar Loizaga; Aitor Servier.
Aztiri saria· Noiz. Hilaren 17an, Aztirian.
· Bertsolariak. Mikel Tapia; Peru Abarrategi; Txaber Altube; Ane Beloki; Eli Pagola.
Argi Berri Saria· Noiz. Martxoaren 24an, Ordizian.
· Bertsolariak. Markel Eizagirre; Oier Etxeberria; Andoni Mujika; Mikel Retolaza; Sara Robles.
Osinalde Saria, finala· Noiz. Apirilaren 7an, Gabirian.
· Bertsolariak. Aurreko kanporaketetan puntu gehien bildu dituzten bi bertsolariak sailkatuko dira finalera.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez harpidedun, izan HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.