Klima 2030 txostena irakurketa errazera itzuli berri du Legazpiko Udalak

Legazpiarren %30ek «irakurtzeko zailtasunak» dituztela esan du Eric Galvez ingurumen zinegotziak. Neurria «irakurle demokrazia» sustatzeko dela dio. Planak 72 ekintza jasotzen ditu

Legazpiko Udaleko ingurumen zinegotzi Eric Galvezek Legazpi Klima 2030 txostenaren irakurketa errazeko bertsioa aurkeztu du. «Edozein legazpiarrek ulertzeko modukoa izan behar zuela, eta udalak, irakurketa errazaren aldeko apustuaren barruan, plana itzultzea erabaki zuen». Planaren bertsio berria ikusgai dago udalaren webgunean, Agenda21aren atalean, eta udal liburutegian ere eskuratu daiteke .

Galvezek atzokoan azaldu zuenez, «legazpiarren %30ek zailtasuna dute irakurtzeko eta plana irakurketa errazera ekarri behar zela pentsatu genuen». Neurria «kulturara eta irakurketara sarbidea ahalbidetzeko xedearen» barruan kokatu du Galvezek, «irakurle demokrazia» aipatuta.

Ildo beretik, irakurketa errazaren inguruko lan taldea eratu zuten eta bertako eragileak hezkuntza, liburutegiko eta Garaguneko teknikariak izan dira. Orain artean, erakusketa bat antolatu dute Irakurtzea plazera eta eskubidea da izenburupean, prestakuntza ikastaroa egin zuten eta irakurketa errazeko kluba ere martxan jarri zuten liburutegian aurreko urrian. Irakurketa kluba egonkortu da jada eta hamabi kiderekin lanean ari da. Udaletxeko langileak ere trebatu dira, «hainbat urrats eman ditugu irakurketa errazaren inguruan eta orain Klima 2030 txostenaren txanda zen. Izan ere, dagoeneko legazpiarrei bidaltzen dizkiegun hainbat dokumentu ere irakurketa errazera ekarrita bidaltzen dizkiegu».

Etorkizuneko Legazpi

Klima 2030 txostena udalbatzak aho batez onartu zuen 2017ko ekainean. Garapen iraunkorrerako eta klima aldaketaren inguruko konpromisoak jasotzen ditu. «Legazpi nola dagoen eta etorkizunerako nolako herria nahi dugun jasotzen du txostenak», esan du Galvezek. 72 ekintza jasotzen ditu hiru arlotan banatuta: %16 ekonomikoak dira, %38 sozialak eta %46 ingurumenari dagozkionak.

Galvezen hitzetan, «plana egiteko legazpiarren, elkarteetako kideen, udal teknikarien eta politikarien ekarpenak jaso genituen, horregatik inportantea da edozein legazpiarrek ulertzeko moduan ematea».

Utzi ekarpen bat

*

*

Send this to friend