Neurrigabekeria Aralarren
GUTUNA – Aitor Garmendia (Zaldibia)
Egunkari honetan Santamaria jaunak Aralarko kudeaketaz idatzi berri duen gutunean zioen «lehendakaria naizen heinean, dudan erantzukizunari jarraituz, guztien interesen defentsan jardun behar dut, Aralarren kontserbazioaren alde». Ideia ederrak dira, erantzukizuna, guztien interesa eta Aralarren kontserbazioa, baina Santamaria jauna Enirio-Aralar Mankomunitateko lehendakaria den legealdi hau, zorigaiztokoa izaten ari da Aralar Parke Naturalaren kontserbaziorako, ez baitugu uste legeak hausteak berak aipatutako ardurarik erakusten duenik.
Aralarko Natur Baliabideen Antolamendu Legearen kontra, mendi babeslean hiru metro zabaleko pista bat eraiki da, Europa Batasuneko Habitat Direktibak babestutako larreak suntsitu dira eta lurzoruko 1.570 metro luzeran betirako galdu; paisaia degradatu da, ezpondak sortu dira eta honekin, eraiki den pistan lurzoru gehiago galtzeari bide eman zaio; eta gainera, sastrakak desbrozatu dira. Nahiz eta Santamaria jaunak badakien, Aldundiko mendietako zuzendari nagusia den Arantxa Ariztimuño, Aralarko pistaren eraikuntzako balizko lege hauste delituarengatik inputatuta dagoela.
Enirio-Aralar Mankomunitateak erakunde publikoa denez interes orokorra izan behar du helburu, eta honenbestez, gizartearen zerbitzura egon behar du. Santamaria jaunak «guztien interesen defentsan jardun behar duela» dio bere gutunean, ez du esaten «guztien interesen defentsan jarraitu behar duenik».
Beharbada, aurrerantzean, orain arte ez bezala, gauzak hobeto egiten hasteko asmoa izango du, orain arte behintzat Aralarko pistak eraikitzeko prozesuan ganaduzaleen sektorea bakarrik hartu baitu kontuan, mendizaleak, talde kontserbazionistak eta komunitate zientifikoa alde batera utziz. Lege batzuk haustea ez axola izatea eta gizarteko sektore batzuk baztertzea ote da berarentzako, Mankomunitateko lehendakari batengandik espero den jokabidea?
– Aitor Garmendia (Zaldibia)