Ernai antolakundeak Gazte Akelarrea aurkeztuko du bihar Arrano tabernan
Martxoaren 30etik apirilaren 1era arte Oiartzunen egingo dute Euskal Herriko gazteen topaketa. Hiru eguneko bonua eros daiteke 30 euroan. Trenez joango dira Goierritik
Ernai eta Antzina gazte antolakundeek Gazte Akelarrea antolatu dute Oiartzunen, «autogestioan eta auzolanean oinarritutako ekimen handia». Mar- txoaren 30eko goizetik apirilaren 1eko goizera bitartean, «hausnarketarako, eztabaidarako, konspiraziorako eta festarako gunea izango da Oiartzun».
Goikoetxea eta Ormaetxea.
Goierriko Ernaiko Hodei Goikoetxeak eta Kizkitza Ormaetxeak zehaztu dutenez, «eztabaida hauek, askapen prozesuaren nolakotasunean eta independentziaren aldeko egitasmoaren bueltan» kokatuko dituzte, «egungo testuinguruko eztabaidei eta Ezker Abertzaleak dituen erronkei erreparatuz». Sorginkerian dugu independentzia izango dute aurtengo leloa. Bihar, 22:00etan, Goierri mailako aurkezpena egingo dute Beasaingo Arrano tabernan, Inguma musika taldeak lagunduta.
Bi berrikuntza
Aurtengo Gazte Akelarreak bi berrikuntza nagusi izango dituela aurreratu dute. Batetik, gazte bazkaria egingo dute: «Bertan parte hartzeko, egun guztietarako sarrera erosiz sarrera ziurtatua izango da eta larunbaterako bonoa erosita, izena eman beharko da aurrez www.gazteakelarrea.info web orrian».
Bestetik, bezperan Gipuzkoako Martxa antolatu dute. «Gipuzkoako kideon arteko harremanak saretzeko eta estutzeko, martxoaren 29an Donostiatik abiatuko gara 15:00etan, Easo plazatik. Goierriko gazteek 14:00etako trena hartuko dugu Beasainen».
Bonuak salgai Goierrin
Hiru egunetarako bonuak salgai daude 30 euroan, Ordiziako Herrikon, Beasaingo Arranon, Zaldibiako Joxepanen eta Urretxuko Apatxen. Egun bakarrerako sarrerak ere badaude aukeran, Donostiako Herriko tabernan; ostiralekoak 12 euro balio du eta larunbatekoak 18 euro. «Garrantzitsua da Oiartzunera sarrerarekin joatea, bertan eskumuturreko bategatik ordezkatuko digute eta». Goierriko Ernaiko kideek jakinarazi dutenez, martxoaren 30ean 08:00etako trena hartuko dute Beasainen Oiartzunera joateko. «Denak batera trenean joango gara; lehenengo bi bagoietan elkartzeko deia egiten dugu».
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez harpidedun, izan HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.