Joseba Gabilondo eta Joseba Telleria Euskal Herriko Mus Txapelketako txapeldunordeak dira. Mus karta jokoaren nolakotasuna azaldu dute, izan ere, bientzat «bestelako» jokoa da.
«Mus karta jokoa ezberdina da», dio Joseba Telleriak (Legazpi, 1966), «kartarik gabe defendatu ahal zara, karta baduzu errazago moldatuko zara. Musean, aitzitik, engainua dago. Gerra psikologikoa tartean sartzen da, eta kartarik gabe bestea kikiltzea lortzen baduzu, garaipenetik hurbilago egongo zara». Telleriak Joseba Gabilondo (Urretxu, 1963) bikotekidearekin bigarren egin du aurtengo Euskal Herriko Mus Txapelketan. Jokatu dituzten hamabost partidetatik hamahiru irabazi dituzte eta bi galdu. Uztaritzeko (Lapurdi) finala galdu egin zuten Bergarako bikotearekin kontra.
Elkarrekin Euskal Herriko txapelketan baino ez dira aritu, iaz eta aurten ere. Egiten duten bikotea osatu egiten da. «Ni serioa naiz», dio Gabilondok eta Telleriak zera erantsi du: «Bakoitzaren izaera agerian geratzen da, nik erabakiak hartzen ditut. Ni bezalako bi bagina beti galduko genuke, eta Joseba bezalako bik ere ez lukete sekula irabaziko». Mus jokoari egokitzen zaion ekuazioa dirudi. Musa keinu jokoa, matematika jokoa eta psikologia jokoa ere bada. Legazpiarrak ez dira oso keinu zaleak, baina behar izanez gero, onartuta daudenak egiten dituztela dio Gabilondok: «Begi keinua 31rako, ezpainean hozka egin bi erregeetarako, eta bekaina altxatu duplexa duzunean». Matematika eta psikologia elkar hartuta doaz musean, «arerioaren kalkulua egiten duzu, ez bakarrik kartena», azaldu du Telleriak eta erantsi, «egunaren aldartearen arabera karta berberekin irabazi edo galdu dezakezu».
Iazko Euskal Herriko Mus Txapelketa jokatu zuten eta Anoetan (Donostia, Gipuzkoa) jokatutako ligaxkan kanpoan geratu ziren final hamaseirenetan; kanpoan geratu izanaren arantza ateratzera joan dira aurtengoan, eta atera dutela diote aho batez.
Tentsioa eskuetan
Bergarako bikotearekin, finalean.
Lehenengo herriz herri jokatzen da mus txapelketa Euskal Herriko zazpi lurraldeetan. Legazpin Karibe Zaharra tabernan jokatu zituzten. Partidak irabaziz joan, eta Uztaritzeko kiroldegira iritsi ziren bi legazpiarrak Gabilondo Urretxun jaioa da baina urte asko-asko dira Legazpin bizi dela. Telleriak dioenez, «tentsioz betetako eguna izan zen. Goizeko bederatzietarako Uztaritzen egoteko zazpietan atera ginen Legazpitik. Hara iritsi eta kiroldegia mahaiez lepo zegoen. Gero, aurrera egin ahala, mahaiak desagertzen joan ziren eta arratsaldeko seietan lau katu ginen». Gabilondok, bere aldetik, bizi izan zuen tentsioa bere eskuak deskribatuta azaldu du, «hotz-hotzak nituen».
Finalera iritsi aurretik Arabako, Bizkaiko eta Nafarroako muslarien kontrako ligaxka jokatu eta lehenengo sailkatu ziren. Finalekoa «partida nahiko arraroa» izan zela dio Telleriak, «alde batera edo bestera amaitu zitekeen, eta azken kolpean eurek hartu zuten karta». Arerioak muslari onak zirela diote biek, eta txapelketan laugarren egin zuen Zaldibiako bikotea ere gogoratu nahi izan dute.
Saria ez da nolanahikoa. 1.500 euro, garaikurra, bertako produktuen saskia eta Kanariar Uharteetara bidaia. Pozik daude sariarekin ere. Horrez gain, azpimarra egin diote txapelketa beraren izaerari, «zazpi lurraldeetan jokatzen da eta horri ere bultzada eman nahi diote, hau da, lurralde guztietako muslariak elkartzeari». Herri txikietako ordezkaritza nabarmendu dute. Telleriak dioenez, «herri handien aldean azpimarragarria da». Zazpi lurraldeetako muslariak aritzeak ere tokian tokiko musaren aldaerak ezagutarazten ditu, «guk enbidoa dugunean
euki esaten dugu eta bizkaitarrek
guria».
Mus eta ohore
Musean ohorea ere jokatzen dela diote, «berdin 5.000 euro nola zurito bat jokoan egon, benetako muslariak intentsitate berarekin jokatuko du», dio Telleriak, «mahaian jarri eta munduaz ahanzten zarela konturatzen zara».
Ohorearen harira, txapeldun ez, baina txapeldunorde geratu izanak, «gauza handia egin dugunaren sentipena utzi digu», dio Telleriak eta Gabilondok gehitu duenez, «errepikatzea ez da batere erraza izango».
Telleriak Karibe Zaharra tabernan mus txapelketak antolatzen ditu, lau zein zortzi erregetara, nahiz eta dioenez inguru honetan lau erregetara jokatzeko ohitura errotuago dagoen. Mus jokoan transmisiorik ba ote dagoen galdetuta, baiezko borobila erantzun du: «Gurean gaz-teak nagusiak baino gehiago ibiltzen dira musean».