Udaberriarekin batera dator Segurako Lore eta Landareen Azoka. Lorezainen 17 postuez gain, Euskal Herriko nekazal produktuak eta artisauen lanak ere ikusgai egongo dira, igande goizean
Lore eta landareen hamazazpi postu, euskal ekoizleen hamabost, eta artisauen zazpi mahai. Horiek dira Udaberriko Lore eta Landareen 18. Azokak aurten dakartzan zenbakiak. Igande goizean egingo dute, Segurako plazan, arlo honetan Goierrin egiten den azokarik ezagunena. 10:00etatik 15:00etara zabalduko dute feria, eta herriko trikitilariek eta txistulariek girotuko dute goiza.
Hiru zatitan banatuko da azokako gunea. Batetik, lore, landare eta barazkien postuak jarriko dituzte, hamazazpi guztira. Horien artean, hainbat goierritar ere izango dira: Jose Mari Setien segurarra, Haritz Urretabizkaia aramarra, Iñaki Azanza zaldibiarra, Josu Osa beasaindarra eta Legazpiko Lorearteko haztegia. Bestalde, Josu Osak fruita arbolen txertoen inguruko azalpenak emango ditu, 10:30etik aurrera.
Segurako Ondarre baserriko postua.
Iparra-Hegoa egitasmoarekin elkarlanean antolatzen dute azoka, eta Euskal Herriko baserritar eta ekoizleen produktuak ere izaten dira. Aurten 15 postu jarriko dituzte, bertakoak ez ezik, baita Bizkaitik, Nafarroatik, Arabatik eta Zuberoatik etorritakoak ere. Bertakoen artean, Eugenio Elortzak eztia ekarriko du; Ondarre baserrikoek, gazta; Julki gozotoegikoek Segurako tarta eta gozoak; Juanita Murgiondok, ogia eta barazkiak; Segurako Gorbeak, karakolak; eta Goieko haragiak, haragi ekologikoa. Segurako talogileak ere bertan izango dira. Kanpoko produktuen artean, berriz, Azkorriako Gazna, Bardeetako olioa, Nafarroako ardo gorria eta Arabako lekaleak probatu ahal izango dira, besteak beste.
Artisau postuak ere jarriko dituzte azokan. Sandra Madutxak, eskuz egindako arropa ekarriko du Ataundik; Fermin Goenaga zumarragarrak, sendabelarrak; Maider Lakarrak, Idiazabalgo produktu naturalak; eta Ataungo Hazi eta Hezi ekimenak, arropa eta pixoihalak. Xabier Iturrioz zapatagile legorretarra ere bertan izango da.
Bezperan, dantza saioa
Lore eta landare azoka girotzeko, hainbat ekitaldi egiten ari dira astean zehar. Hitzaldiez gain, larunbatean, Segurako Azpilla Dantza Taldearen emanaldia izango da, 12:00etan, plazan.