Aranak esperantoaren eta euskararen inguruko egiak eta gezurrak aletuko ditu

Hitzaldia Kultur Etxeko areto nagusian izango da, 18:30ean eta Burdinola elkarteak antolatu du. Esperantoak euskarari «presioa kenduko» liokela uste du. Arana idazlea da eta esperantista

Aitor Aranak (Legazpi, 1963) Esperantoa eta euskara, egiak eta gezurrak hitzaldia eskainiko du gaur Legazpiko Kultur Etxean, 18:30ean, Burdinola elkarteak antolatuta. Nazioarteko hizkuntzak abiapuntu hartuko ditu Aranak, izan ere, nazioarteko hizkuntza bakarra baino, «nazioarteko hizkuntzak» daudela uste du legazpiarrak.

Dioenez, «ingelesa nazioarteko hizkuntza bakarra denaren ustea daukagu, gezurra da. Nazioarteko hizkuntzak daude. Munduan jaiotzen zaren tokiaren arabera zure nazioarteko hizkuntza bat edo bestea izango baita». Adibideak jarriko ditu eta mapak erabili. Egipton jaioz gero, nazioarteko hizkuntza arabiera izango da; Euskal Herrian jaioz gero, ingelesa; Hego Amerikan, espainola. «Gauzak ez dira esaten diguten bezain sinpleak».

Esperantoa nazioarteko hizkuntzen artean kokatuko du Aranak. Europako hizkuntza indoeuropar zabalduenak ditu oinarri eta ikasteko erraza da ez dituelako irregulartasunik. Hizkuntza neutrala dela ere azalduko du Aranak. Horrenbestez, euskarari kalterik egingo ez lioken hizkuntza dela dio, «gaztelaniaren, frantsesaren edota ingelesaren presioa kenduko lioke».

Legazpiko Haztegi ikastolako aurretik Kimu-Berri lehenengo belaunaldiko ikaslea izan zen Arana. «Gure gurasoak euskaltzaleak ziren, frankismoaren amaieran geunden». Aranak azaldu du garai hartan Madrildik noizbehinka inspektoreak bidaltzen zituztela Legazpira eta Legazpira bezala Kataluniara edo Galiziara. «Inspektore haiek kalean entzuten zen hizkuntzaren neurketa egiten zuten. 1967an Legazpin euskaraz hitz egiten genuenok %11 ginen. Orain euskara, hobeto edo okerrago, ehuneko ehunean dago gaztetxoen artean. Nola egin da hori? Ez al zen hori utopia bat? Gurasoek egundoko ahalegina egin zuten euskara suspertu zedin».

Esperantoaren erabilera utopikoa dela pentsa daitekeen arren, «nahi izanez gero» egin»daitekeela uste du Aranak.

Utzi ekarpen bat

*

*

Send this to friend