Galderak egiteari utzi ez zion jakintsua gogoan
Lazkao Txikiren pasadizo, ateraldi eta nortasun-printza sorta kontatu dute Mikel Mendizabal eta Iñaki Murua bertsolari lagunek, Lazkaon. Euskara, umorea eta irudimena zituen oinarri Abalineko jeinuak.Lazkao Txikik bazuen dohain bat, beste askoren arte...
Lazkao Txikiren pasadizo, ateraldi eta nortasun-printza sorta kontatu dute Mikel Mendizabal eta Iñaki Murua bertsolari lagunek, Lazkaon. Euskara, umorea eta irudimena zituen oinarri Abalineko jeinuak.
Lazkao Txikik bazuen dohain bat, beste askoren artean: txikiak eskuko artalera nola, ezpainetik ateratzen zitzaizkion hitzari aho zabalik jendea edukitzeko gaitasuna. Mikel Mendizabalek eta Iñaki Muruak hala eduki zituzten, herenegun arratsean, Lazkaoko Gerriko txokora inguratu ziren entzuleak. Lazkao Txikiren emariak: bertsoak, kontuak eta komeriak kontakizuna egin dute, Joxe Migel Iztueta hil zeneko 25. urteurreneko egitaraua hasita. Millan Telleria ez zen izan, iragarrita zegoen arren.Gaztetan ezagutu zuten gertutik Muruak eta Mendizabalek Lazkao Txiki, bertsotan hara-hona hasi zirenean. «Lazkao Txikirekin mutil koxkorrak ginela hasi ginen ibiltzen. Berak zirudien mutil koxkorra: umea beti galdezka aritzen da, zergatik, nola. Lazkao Txiki, galderak egiteari utzi ez zion heldua izan zen. Gauza baten sustraia nondik zetorren jakin arte galdezka jarraitzen zuen», dio Muruak.
Bertsotako ibileretako pasarteak, bertso batzuk, haren aldarteak, izaera eta kezkak aletu dituzte bi bertsolari goierritarrek.
Finetik, haserre
«Jakin-nahitik eta ikasteko gogotik zetorkion fintasuna. Askotan, euskararen kontuetan adibidez, haserretuta ikusten genuen, fina zelako. Guri azterketa jarri zigun, hasi ginenean. Idaurra zer den izan zen galdera. ‘Gazte asko zatozte orain. Bertsotan egiteko, aurrena euskara jakin behar dik ondo’, esan zigun», gogoratu du Muruak.
Azterketa pasatu zutenetik aurrera, elkarrekin «oso ondo» moldatu ziren bertsolari gazteak Lazkao Txikirekin. «Beti ere hanka-puntan ibili behar izaten zen, eta hala ere bere altuerara ez ginen iristen».
Finetik xehetzen zuen beste arlo bat umorea zuela kontatu dute. «Umorea, bere zentzu finenean erabili nahi izan zuen. Bertso saioetan, askotan triste ikusitakoa naiz, gai denak barre egitekoak jartzen zitzaizkiolako. Hutsune handiarekin joaten zen halakoetan jaialditik. Sentimenduak adierazteko gaiak jartzea asko eskertzen zuen».
Irudimen azkarrekoa
Esamoldeak asmatzen, umorea jartzen eta egoerei gatza ateratzen maisua zen Lazkao Txiki. «Irudimen oso azkarrekoa eta argikoa zen. Zer ikusi, hura adierazi; zer entzun, hari erantzun. Beti eta ia nonahi, beti bazuen heldulekuren bat. Beti hitz egokiren bat ahoan, gainera, helduleku horri hitza jartzeko».
Egoerarik suertatu beharrik ere ez zegoen Lazkao Txikirekin, berak bilatzen baitzituen. «Parera ekartzen zituen gertaerak. Sorgina zen horretan». Hamaika pasadizo kontatu dituzte Mendizabalek eta Muruak. Barre eragitekoak asko, buruari eragitekoak ere bai beste batzuk.