Arkatza udal pintura eskolako irakasle Dani Uribetxeberriak (Legazpi, 1964) eta Ane Urtzelaik (Legazpi, 2003) erakusketa irekiko dute gaur kultur etxean. Pintatzeko bi modu eta bi belaunaldi bilduko ditu erakusketak.Nork nahi du nirekin dena delako air...
Nork nahi du nirekin dena delako aire libreko pintura lehiaketara etorri?», galdetu du Dani Uribetxeberria Arkatzako irakasleak ikasgelan behin baino gehiagotan eta «nik» erantzun duen ikasle bakarra Ane Urtzelai izan da. Ikasleak animatu nahi izan ditu Uribetxeberriak, «lehiaketak irabaztea baino garrantzitsuagoa han ikasten dena dela adierazi nahi izan diet». Uribetxeberriak eta Urtzelaik elkarrekin egingo duten pintura erakusketaren oinarrian Urtzelaik betidanik agertutako prestutasuna dago, baita irakasleak dioenez margotzen «oso ona» dela ere.
Uribetxeberriak pintura eskolak ematen ditu Gabirian. Erakusketa bat egin zuen hango Ostatuan, hamaika koadro jarri eta haietatik zortzi saldu zituen margolariaren harridurarako. «Hasierako asmoa Gabirian erakusketa jartzea zen. Nik pentsatu nuen akaso Anerekin egin nezakeela eta hori guztia buruan nuen arren, Anerekin ez nuen ezer komentatu», dio Uribetxeberriak.
Burutazio haietan zebilela Legazpiko kultur teknikari Jone Dorronsororekin hitz egin zuen balizko erakusketaren gainean, eta hark bi margolariak legazpiarrak izanda bertan egiteko proposamena egin zion. «Oraindik Anek ez zekien ezer», dio Uribetxeberriak irribarre batez.
Gaur irekiko dute 25 koadrok osatuko duten erakusketa Legazpiko Kultur Etxean eta ikusgai egongo da apirilaren 27ra arte, «behin Legazpikoa amaituta, erakusketa Gabiriara eramango dugu».
Urtzelai inpresionista
Uribetxeberriaren estiloa anitza da, «denetarik prestatu dut erakusketa honetarako. Nahasketa handia dago, kolorea, gaiak… Jendearen gustukoak izan daitezen nahi dut eta margo hiperrealistak ere jarriko ditut, nahiz eta niri inpresionismoa gehiago gustatu». Hain zuzen, hori da Urtzelairen estiloa: «Ez daukat errealismorako pazientziarik. Kolore asko erabiltzen ditut bestela tristura sortzen zaidalako».
Lehenengo aldia da Uribetxeberriak 20 urte dira Arkatzako irakaslea dela ikasle batekin erakusketa bat egiten duela. «Nik uste dut Ane hemendik urte batzuetara erakusketa honekin akordatuko dela. Berak duen adinarekin ohikoena da ikasleek pintura klaseetara etortzeari uztea, baina berak jarraitzen du eta Anerekin aurten talde polit bat lanean ari da». Urtzelairi asko gustatzen zaio margotzea, hala ta guztiz ere ez du bere etorkizuna margolari gisa ikusten, «badakit artearen mundua ez dela batere erraza».