Aurreko larunbatean 50 bat bizilagun auzolanean aritu dira. Zuntz optikoa zuhaitz artean pasa eta udalaren zeramikazko logoak etxe izenen seinaleetan jarri dituzte
Itsason herrigintzak ez du etenik. Lan eta lan ari dira bertako bizilagunak herria hobetu, eta bide batez, egiteko. Aurreko larunbatean auzolana egin zuten. 50 bat lagun bildu ziren ekintzara, eta bederatzi taldetan banatuta, hainbat lan egin zituzten herrian barrena.
Hiru taldek arbola artean zuntz optikoa pasa zuten eta adarrak mozten ere ibili ziren. Okinarritik Itsasora doan herri bidea ere garbitu zuten. Beste bi talde Itsasoko etxe-izenen seinale guztietan Pott zeramikakoek egindako udalaren logoa jarri zuten, zeramikaz egindakoa.
Beste talde bat, herriguneko eskudelak eta farolak margotu zituen. Zazpigarrena, sakristia azpiko lokala hustu eta garbitzen aritu zen. Zortzigarrena kanpandorrean altzariak zaharberritzen egon zen eta, azkenik, bederatzigarren taldeko kideek lorategiak prestatu eta apaindu zituzten; Itsusturriko aska ondoan lorategia sortu zuen bederatzigarren taldeak berak.
Datozen proiektuak
Behin auzolana amaituta elkarrekin afaldu zuten Ostatuan. Lankidetzak «ekarpen handia egiten dio norberari eta herriari ere bai», esan dute.
Aurrera begira ekintza asko dituzte buruan. Irailerako euskara ikastaroa antolatu nahi dute eta bertakoei euskara ikasteko parada eman. Adinekoentzat ariketa psiko-fisikoa ardatz izango duen ekimena antolatu nahi dute eta suhiltzaile formakuntza saioak egiteko asmoa daukate, suteren bat sortuz gero, nola jokatu jakiteko. Lehen sorospen ikastaroa martxan jartzekoak dira. Aurretik halako ikastaroren bat egin dute eta errepikatzekotan dira.
Itsason, ez dago zalantzarik, bertakoak ari dira herria egiten.