ORDIZIA// Ligako azkeneko partida du Ampo Ordiziak bihar, larunbata. Pasa den astean gipuzkoarren arteko derbia izan bazen, aste honetan euskal derbia jokatuko dute Gernikaren aurka, Altamiran, 17:00etan hasita. Liga ongi amaitzeko zaleen laguntza eska...
Ampo Ordiziako jokalariak, Hernaniren kontrako derbia eta Gipuzkoako Kopa irabazi berritan // Argazkia: Carlos Mediavilla
Liga erregularreko azken partida jokatuko du bihar Ampo Ordiziak. Pasa den astean bi talde gipuzkoarren arteko derbia izan bazen, aste honetan beste euskal talde bat izango dute aurrean: Gernika. Partida ezohiko ordutegian jokatuko dute, larunbat arratsaldeko 17:00etan, Altamiran.
Denboraldi bikaina egiten ari da Ampo Ordizia, eta sailkapeneko 5. postuan dago. Play offetarako matematikoki sailkatuta daude, eta dagoeneko badakite Senor Independiente taldea izango dutela aurkari. Partida non jokatuko den ordea, erabakitzeko dago. Ordiziarrek biharko partida irabazi eta laugarren bukatzea dute helburu, horrek lehen kanporaketa etxean jokatzeko aukera emango bailieke.
Hori dela eta, biharko derbiari begira zaleen laguntza eskatu du klubak. Partida bukatutakoan, hirugarren zati berezia egingo dute Altamirako aparkalekuan. Lumagorri oilaskoak probatuko dituzte, eta taldeko jokalariak ariko dira zerbitzari lanetan.