Herria eta antzokia biziberritzeko asmoarekin ekin zioten iaz Legorretan Neguko Kontzertu Zikloari. Fumut, Sofa, Septimo A, Ze Esatek!, Bullet Proof Lovers eta Liher taldeek jo zuten orduan. Ziklo hark izandako arrakasta ikusita, aurtengo udaberrian ere kontzertu sorta berri bat jarri dute abian, eta oraingo honetan ere, proposamen oso interesgarria dakarte.
Iñigo Lasa Legorretako kultura zinegotzia da ekimen hori mahai gainean jarri zuena, hari bururatu baitzitzaion kontzertu zikloa herriko antzoki berrituan antolatzeko ideia. «Gehiegi aprobetxatzen ez zen aretoa genuen hortxe, eta herritarrei aisialdi eskaintza berri bat egiteko aukera zabala ematen zigun». Proposamena udaletxean egin eta ideiak aurrera egin zuen.
Legorreta herri txikia izanda ere, talde handiak pasatu dira herri antzokiko oholtzatik neguko zikloaren barruan. «Talde guztiek oso harrera ona egin diote gure proposamenari», nabarmendu du Lasak. Taldeek ez bakarrik, publikoak ere harrera ona egin dio kontzertu zikloari.
Ruper Ordorika, ostiralean
Apirilaren 13an, Hiri Galduak eta Libe taldeen kontzertuarekin ireki zuten Udaberriko Kontzertu Zikloa eta datorren ostiralean, hilak 27, 19:30ean izango da hurrengo saioa. Ruper Ordorika Oñatiko abeslari sonatua igoko da Legorretako antzokiko oholtzara. Sarrera gutxi batzuk oraindik salgai daude 10 euroren truke, Legorretako kultur etxean.
Ondoren, maiatzaren 4an, EH Sukarrak emango du kontzertua, 22:30etik aurrera. Kontzertu horretarako sarrerak ere salgai daude dagoeneko, 6 euroren truke, kultur etxean.
Azkeneko saioa, ekainaren 15ean izango da eta hip-hop doinuak izango dira, Ordiziako Zesura eta Zumarragako Agresion Verbal taldeen kontzertua izango baita.
Desafio bertsotuaUdaberriko Kontzertu Zikloaren barruan, eskaintza nahiko desberdina ere egingo dute. Izan ere, ekainaren 8an, bertsoz girotutako desafio bat izango da, Odei Lopez legorretarrarekin eta Imanol Iruarriz ordiziarrarekin.
Momentuz, egun horretarako antolatu dutenaren xehetasun guztiak kontatu ezin badaitezke ere, Lopezek berak aurreratu du «nork pisu gehiago altxatu ariko» direla. Gainera, bakoitzak, bertsolari bana izango du ondoan, botillero moduan. Bertsolari «oso ezagunak» izango direla aurreratu du Lopezek.
Kirola eta kultura uztartuko dituen erronka horrek elkartasun kutsua ere izango du. Izan ere, egun horretan bildutako diru guztia, Legorretatik Mundura elkarteari bideratuko diote, Hondurasen abian duen proiektua laguntze aldera.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez harpidedun, izan HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.