Barrunbadau taldearen ibilbidea disko batean jaso dute
Folk ukituko bederatzi abestiz osatuta dago Barrunbadauren lehendabiziko diskoa; Urretxuko, Zumarragako eta Legazpiko tabernetan jarri dute dagoeneko salgai.
Diskoa Legazpiko Subeltza Records estudioetan grabatu dute, «Iker Otegiren laguntzarik gabe ezinezkoa izango zen diskoa errealitate egitea», azpimarratu nahi izan du Martinezek. Grabazio lanetan Iñaki Gurrutxaga Gurru taldekidea ere aritu da lanean, «gu banaka joan gara musika tresnak eta ahotsak grabatzera; gero, guztia nahastea Otegi eta Gurruren lana izan da» azaldu du Urrestarazuk.Atzera begira jarrita, Barrunbadauren hastapenak 2009 urtekoak direla kontatu du Martinezek: «Gurruk eta biok elkarrekin egiten dugu lan, garai hartan gitarra ikasten hasi ginen biok, Gurruk nik baino serioago hartu zuen, eta abestiak konposatzen ere hasi zen orduan». Lan ordu aspertuetan hasi ziren Gurruren abestiei txalaparta nola batu pentsatzen —Martinezek txalaparta jotzen urteak zeramatzan ordurako— eta orduan hasi ziren Barrunbadau izango zenaren proiektuari buruz hizketan lehenengoz. 2011 eta 2012 urte artean osatu zen taldea. Gainontzeko taldekideak gutxika joan ziren proiektura batzen: Lur Martinez (ahotsa), Koldo Cadierno (txirula eta saxofoia), Amaia Aranaga (biolina), Gorka Toquero (txalaparta) eta Xabi Lasa (bateria). Zuzeneko kontzertuak momentuz ez dituzte aurreikusten, baina diskoa dagoeneko kalean da. Zumarragan Korta tabernan, Urretxun Motzen, Beriten eta Golodixen eta Legazpin Kukuen, Kariben, Gurrutxagan eta Maiatzan erosi daiteke.“Taldea desegin aurretik zerbait jasota utzi nahi genuen, legatu bat”
Javi Martinez (Txalaparta eta ahotsa)“Diskoa grabatzen hasi aurretik urte bete generaman elkartu gabe”
Aitziber Urrestarazu (Baxu jotzailea)