BIP-eko erasoaren aurrean: zapalduen antolakuntza eta borroka!
GUTUNA – Mattin Intxausti (BIP-eko ikasle ohia)
Pasa den ostiralean Beasaingo Txindoki Institutu Publikoan izandako gertaera, lau haizetara zabaltzeko hautua egin dut. Ikastetxe askotako zuzendaritzak eta zenbait irakaslek izaten dituzten gehiegikeria eta erasoak ia beti ikastetxeetako lau pareten artean geratzen direla ikusita, hauen zabalpena ezinbestekoa iruditzen zait, aktore hauek inpunitate guztiarekin egiten dutenarekin amaitzeko.
Astelehenean Txindokiko hainbat ikaslek, errebalida eta PISA azterketaren inguruko kritikaren hitzaldia egiteko beharraz jabetuta, gela zein klase etetea eskatzen zuen eskaria egin zioten zuzendaritzari. Hurrengo eguneko honen erantzuna ordea, honakoa izan zen: Orientazio saioak egitean ikasle eta gurasoei denaren berri ematen zaiela. Horregatik, hitzaldiaren beharrik ez zutela ikusten (beraz ez zela egingo). Katxondeo honen aurrean ikasleok eta nik (hitzaldia eman behar nuelako), hitzaldiarekin aurrera egitea erabaki genuen.
Hau honela, ostiraleko jolas garaian burutu genuen, 150 ikasle (eskerrak zuzendaritzak ongi jakin beharrik ez zegoela) gerturatu zirelarik. Hitzaldia, esku-horri batzuk banatuz hasi nuen, bertan BIP ikastetxearen web orrian ezaugarrien atalean jartzen zuena zetorren: demokratikoa, parte hartzailea, anitza zela aipatzen zuelarik, besteak beste. Barre ederrak egin genituen bertan idatzita zegoena errealitatearekin alderatuta.
Hitzaldia normaltasunez bukatu ostean eta ikasketa burua saioa egin zela konturatzean, ustezko antolatzaileen bila joan zen, batekin topo egin eta ea ‘zer ari ziren ikastetxean, ikas-tetxearen kontrako hitzaldi bat antolatzen’ aurpegiratu zion, besteak beste.
Honen aurrean amorru guztiz galdera hauek darabilzkit buruan: Egungo sistema honetan edozeri deitzen diogu demokrazia, parte hartzea,… Baina non egiten dugu akatsa? Hitz hauen esanahia gaizki ulertuz edo gaizki materializatuz? Ikasleok erabakitzeko gaitasunik ez dugun (hitzaldi bat egiteko, gela bat hartzeko zuzendaritzaren baimena behar dugu, etxeko lanak eta azterketak egin nahi dugun ez digute galdetzen,…) instituzio bat nola izan daiteke parte hartzailea, demokratikoa…? Ikastetxean, ikastetxeak defendatzen duen logikaren kontra hitz egitea debekatzen badute, non dago aniztasuna? Figura autoritario batek badu lehen eta azken hitza zer ari gara hezten? Zeinen interesetara? Zapalkuntza hau ez al da ikasleontzako erasoa? Zergatik jotzen ditugu normaltzat eta demokratikotzat harreman injustu hauek?
Egoera honetan zapalduok bide bakarra dugu: Antolakuntza eta borroka. Normala apaintzen duten orden eta logika injustua azaleratu eta elkartasunean eta horizontaltasunean oinarritzen den harremana eraikitzen hasi behar dugu. Injustizia honetaz jabe diren eta nazkatuta gauden irakasle eta gazteak (langile klase guztia, hain zuzen) ere bide lagun izan behar ditugu, zergatik ez.