Gure Esku Dagok festa eguna du Beasainen. Kataluniako San Vicenç dels Hors herritko castellersak etorri dira.
Ekainaren 10eko giza katea berotzeko festa eguna antolatu du gaur Beasaingo Gure Esku Dagok; kataluniarrak dituzte gonbidatu berezi: San Vicenç dels Hors herriko castellers taldeko 136 lagun etorri dira Beasainera.
Lehenengo ekitaldia udaletxean izan dute, harrera egin die Aitor Aldasoro alkateak. “Kataluniarrek egindako bidea, guk ere herri bezala egiteko” nahia azaldu die Aldasorok. Beasaingo kultura ezagutzeko, Beasain Paperak bildumako bi liburu eta Igartzako jauregiaren zeramikazko ikurra eman dizkie.
Gure Esku Dagoko Santi Enparantzak ere ongi-etorria ematearekin batera, Gure Esku Dagoren ikurra daraman ikurrina eta gaurko eguneko festaren kartela oparitu dizkiete.
Kataluniarrak ere ez dira esku hutsik etorri. 5 urte bete dituen castellers taldearen zapia eta pin-a eman dizkie alkateari, eta beraien herriko alkateak idatzitako gutuna ere irakurri dute. Amaieran, plazako eskilaretan, familia argazkia atera dute guztiek elkarrekin.
Herri bazkaria
Dena den, festa hasi besterik ez da egin Beasainen. 250 lagun inguru bazkarian elkartu dira plaza azpian. Ondoren, erdiguneko kaleetan giza gazteluak egingo dituzte kataluniarrek. 19:00etan, berriz, sagardo dastaketa egingo dute Bideluze plazan. Egunarekin amaitzeko, Musika Eskolak antolatutako Kantaldian parte hartuko dute, La Staca eta Agure Zahar batek dio abestiak abestuz.