Hirugarren urtez antolatu dute Legazpiko Andre Maria Jasokundearen parrokian organo kontzertu zikloa. Datorren igandean hasita maiatzeko igande guztietan kontzertuak izango dira parrokian, 19:00etan.Iñigo Mitxelena parrokoak zikloa antolatzearen ideia...
Hirugarren urtez antolatu dute Legazpiko Andre Maria Jasokundearen parrokian organo kontzertu zikloa. Datorren igandean hasita maiatzeko igande guztietan kontzertuak izango dira parrokian, 19:00etan.
Iñigo Mitxelena parrokoak zikloa antolatzearen ideia nondik sortu zen azaldu du, «organo musikari bultzada eman nahi genion eta, bestalde, instrumentu bera legazpiarrei hurbildu». Izan ere, Legazpiko parrokian dagoen organoa «ona» dela dio, «1905eko Aquilino Amezua bat da»; alegia, Amezua organo egileak egindakoa.
Alabaina, parrokoak dioenez «organoa soilik astuna egin dakieke entzuleei eta hasieratik saiatu gara emanaldiak beste musika tresna batzuekin batera egiten. Aurtengo zikloak hartuko dituen saioak ahalegin horren isla dira. Datorren igandeko emanaldian txistuak lagunduko dio organoari, hurrengoan ahotsak eta azken kontzertuan tronpak. Hain zuzen, datorren igandean Ana Belen Garcia organo jotzailea Garikoitz Mendizabal txistulariarekin batera arituko da; maiatzaren 20ean Aitor Garitano ahotsean eta Gerardo Rifon organoan, eta maiatzaren 27an Aitor Olea organoan eta Oliver Castro legazpiarra tronpan.