Gaur hasi eta hilaren 20ra arte festa giroan murgilduko dira beasaindarrak. 'Anxioxo' eguna ospatuko dute gaur txosna gunean. Larunbatean Su Ta Gar taldearen kontzertua dago
Gaur hasi eta hilaren 20ra arte, festa giroa izango da nagusi Beasainen, herriko hainbat eragilek eta udalak osatutako egitarauari esker. Zapi berriak jantzi eta Loinatz Jaiak bizitzeko egunak dira Beasainen.
Bizi ditzagun Loinatz jaiak! Horixe da aurtengo Loinatz jaietarako udalak jarri duen leloa, bizikidetzan, errespetuan eta prebentzioan oinarrituz.
Iaz bezala, eta festen irrikan daudenak asetzeko, gaur hasiko dira festak txosna gunean,
Anxioxo deitu dioten egunarekin. 18:00etan trikipoteoa egingo dute eta 19.30ean txosna gunearen irekiera ekitaldia egingo dute txupinazoa botatzearekin batera. Festen hasiera ofiziala, ordea, bihar izango da, 18:00etan. Udaletxeko balkoian pregoia irakurriko dute Andramendi ikastolako ikasleek, gainerako ikastetxeetako ikasleak ondoan dituztela. Danbatekoa bota ondoren, herriko umeek hainbeste maite dituzten erraldoiak eta buruhandiak ibiliko dira kalez kale, Iruñeko erraldoiak lagun dituztela. Aurten, gainera, inoiz baino lan gehiago izango dute Beasaingo erraldoiek eta buruhandiek: bi ostiraletako irteerez gain, azkeneko igandean, 19:00etan, dantzariekin batera ariko baitira.
Danbatekoaren ondoren, eta azkeneko bi urteetan bezala, Atzegikoek eta Txolartekoek prestatutako txistor pintxoak salgai jarriko dituzte Zubimuzu plazan. Eta gauean, 22:30ean, kaleko eta plazako argiak itzali, eta perkusio doinuak eta
Sua abestia lagun, Muruko Mari jaitsiko da. Aurten, 2001ean jaiotakoek egingo dute dantza oholtza gainean; gainerakoek, oholtza inguruan egingo dute. Azken entsegua bihar egingo dute, 20:00etan, plazan bertan.
Su Ta Garren kontzertua
Larunbatean, 09:00etan, Beti Bizi elkartekoek
Beasain Jaietan urtekaria saltzen jartzearekin batera, danborradak izango dira protagonista, Igartzatik hasita. Haurrenean, Andramendi ikastolak izango du karrozaren ardura. Helduenean, Aitz Zorrotz elkarteak estreinatuko ditu upel berriak.
Gaua ere luzea joango da larunbatean, Bideluze plazako zein Txosna Guneko kontzertuekin. Etxeko Munch taldearen ondoren, Eibarko talde historiko bat ariko da: Su Ta Gar.
Prebentzioarekin lotuta, Zaldizurretan bi informazio gune jarriko dituzte larunbatean: drogaren arriskuak gutxitzeko Testing programa, eta indarkeria sexistarik gabeko gunea. Emakumeen aurkako indarkeriaren aurrean, 900 84 01 11 edo 112 telefono zenbakietara deitzeko eskatu dute. Indarkeria matxista salatzeko helburuarekin, laxo moreak salduko dituzte 50 xentimoan.
Igandean, dantzaokean 100 haur eta 13 talde ariko dira Bideluzeko plazan. Guztiek euskal abestiak dantzatuko dituzte.
Futbola eta pilota
Astelehen goizean, kuadrilla egunean, prozesioarekin batera, lagun arteko bi kirol ekitaldi izango dira protagonista. 11:00etan, La Sallen, areto futbol txapelketako finala jokatuko dute Jazpana eta Arene taldeek. Ondoren, 12:15ean, eskuz binakako pilota txapelketako 3. eta 4. postuak eta finala jokatuko dira. Aurretik, bihar, 19:00etan bi partida jokatuko dituzte: Urteaga-Unaito eta Ruiz-Xegoneren aurka eta San Juan-Frutero Zubeldia-Saltsamendiren aurka.