Ekainaren 10eko Giza Katea girotzeko ekitaldiak herrietan

Gure Esku Dago dinamikak datorren ekainaren 10ean antolatutako Giza Katean herritarrak parte hartzeko animatze aldera, hainbat ekitaldi antolatu ditu Goierriko hainbat herritan. Idiazabalen festa eguna antolatu dute astebururako, eta Zaldibian eta Beasainen izen emateak egiteko mahaiak jarriko dituzte.

Idiazabalen, igande betea

Idiazabalgo Gure Esku Dago herri ekimenak antolatuta, erabakitzeko eskubidearen aldeko eguna ospatuko dute datorren igandean, hilak 20. Egun osorako egitarau oparoa prestatu dute, 10 urtez eredu bat borobiltzen lemapean. Goizean, umeen txokoa antolatu dute Txomenamen. Esku lanak, aurpegi margoketak eta jolasak egingo dituzte, besteak beste, 11:00etan hasi eta 12:30ak arte. 12:00etan, herri kirol ikuskizuna egingo dute plazan; harrijasotzen, aizkoran eta sokatiran arituko dira 13:00ak arte. Jarraian, dantzak eta kantua eskainiko dituzte.

Ekainaren 10eko Giza Katea irudikatu asmoz, Idiazabalen ere Giza Katea osatuko dute igandeko festan, 14:00etan, plazan. Bazkari herrikoia ere antolatu dute, frontoi zaharrean. Txartelak Izparren daude salgai. Arratsaldean, JazzDancea egingo dute (17:30-18:00), eta gero erromeria frontoi zaharrean.

Klik eguna Zaldibian

Bestalde, Giza Katerako izena emateko mahaiak jarriko dituzte hurrengo egunetan Beasainen eta Zaldibian. Beasainen Bideluze plazan egongo dira gaur (18:30 20:00), eta bihar Zubimusun, ordu berean.

Azken ostiraletan egiten ari diren moduan, izena eman, zapia lortu eta materiala erosteko mahaia jarriko dute bihar plazan, 19:30ean. Ondoren, giza katea irudikatuko dute herrian zehar, Klik egunarekin bat eginez.

Utzi ekarpen bat

*

*

Send this to friend