Igandean hasiko da aurtengo futbol 7 txapelketa
Datorren igandean ekingo diote aurtengo zazpiko futbol txapelketari Legazpiko Gazteak taldekoek, Bikuña zelaian, 10:00etan hasita. Maiatzeko asteburuetan igandeetan jokatuko dituzte partidak, Ilintxaren partidekin uztartzeko; ondoren, ohikoa den modua...
Laurehun lagun inguruk eman dute izena, 30 taldetan banatuta. Aurreko ostiralean egin zuten zozketa partidetan aurrez aurre izango diren taldeak zehazteko. Talde bakoitzeko pare bat lagun agertu ziren, 60 bat.
Eñaut Auzmendi antolatzaileak azaldu duenez, pare bat talde berrik eman dute izena. «Batekoak gazteak dira, lehen aldiz jokatuko dutenak. Beste taldea neskek osatua da, iaz parte hartu ez zutenak eta aurten animatu direnak». 30 taldeetatik lau dira neskek osatutakoak.
Iaz bi fasetan banatu zuten txapelketa. «Bigarren fase horretan jendea ez zen oso animatuta ibili, eta aurten bigarren txanpa hori kendu dugu». Ligaxka bat egingo dute aurrena eta lehenengo bi taldeak sailkatuko dira. Ondorengo partidak kanporaketa moduan jokatuko dituzte.
Aurtengo berritasunak
Orain artean aurrez finkatzen zituzten norgehiagoka guztiak. «Zein talderekin lehiatuko ziren kalkula zitekeen horrela, eta hori ekiditeko bigarren atalaren zozketa ondoren egitea erabaki dugu», jarraitu du Auzmendik. Behin lehenengo ligaxka jokatuta, sailkatu diren taldeen norgehiagokak zehazteko zozketa egingo dute, beti bezala taldeen izenak kinder txokolate arrautzen plastiko-oskoletan sartuta.
Aurtengo Futbol 7 Txapelketako finala ekainaren 30ean jokatuko da, goizean; baita hirugarren eta laugarren postuak ebazteko partidak ere. Ondoren bazkaria egingo dute, iazko 10. urteurrenean egindako aldaketari eutsiz. Izan ere, aurreko urteetan azken futbol partidak arratsaldez jokatu eta afarira biltzen ziren txapelketan parte hartutako jokalari guztiak. Iaz, urteurrenaren harira, aldaketa egin zuten: partidak goizean jokatu zituzten eta bazkaria egin zuten, afariaren ordez. Eñaut Auzmendik adierazi du formula berbera erabiliko dutela aurten ere.