Kultura zizelkatu zuen artistaz oroi

Hutsune handia eta samin sakona eragin ditu Xanti Iruretagoienaren heriotzak, Ataunen eta Goierrin. Apirilaren 22an hil zen eskultore eta kultura-gizon zarauztar Ataundartua. Gaur, erakusketa zabalduko dute, haren omenez.

Xanti Iruretagoiena Elortzak (Zarautz, 1948 Ataun, 2018) betidanik izan zuen artearenganako zaletasuna. Umetan hartu zion gustua, eta Arantzazuko ikasketa-garaian piztu zitzaion gehiago. Euskal artista gorenak ezagutu zituen han, gainera. «Pintore izan naiz gehiago, baina azken urteetan egurrean sartu naiz, eta eskulturak egin ditut, batez ere», kontatu zion Iruretagoienak Arantxa Artza kazetariari, 2013ko martxoan Euskadi Irratian egin zion elkarrizketan.

Marrazkiekin hasi, eta pinturaren munduan sartu zen Arantzazun, Xabier Eulaterekin. Basilika berria eraikitzen ari ziren, bera umetan joan zenean. Lucio Muñoz ezagutu zuen, absidea egiten. Eskulturan hasi zen gero, norekin eta Jorge Oteizarekin. «Oteizak ia behartu egiten gintuen eskulturan lan egitera. Apostoluak harrian egiten hasia zen. Amabirjinaren Pietatearen proiektua aldatu, eta hutsetik hasi zen. Guri eskatzen zigun Pietate bat egiteko. Nik orduan 21 urte neuzkan. Pietate txiki bat egin nuen, gustatu, eta nire gelara eraman nuen. Oteizak hurrengo egunean galdetu zidan non zegoen. Haserre, eramateko erantzun zidan. Zeruan jarri zuen, altxor bat zela, brontzean atera behar genuela… Bizitza guztirako puztu nintzen».

Arantzazu bihotzeko toki izan zuen Iruretagoienak. Han ikasia, maitasun berezia eduki zion, beti. Eta han datza: bere errautsak han zabaldu zituzten.

Arkitektura ikasia

Bartzelonan Arkitektura ikasi zuen. Marko Vitruvio erromatarraren Arkitekturaz liburua euskaratu zuen. UZEIn lan egin zuen, erretiratu arte.

Kultura zuen Iruretagoienak bizigai: zinema, euskara, herrigintza. Artean, Oteizaren eskultura eta Eulateren pintura edanda, haien eragina zuen. Eskulanerako dohain apartekoa zeukan, eta jakintza oso zabalarekin aberasten zituen sorkuntzak. San Martin auzoan, afizioa gauzatzeko tailerra egokitzen ari zen, minbizi bortitz batek heriotza ekarri zionean (apirilak 22).

«Jakintsua eta umila, hitz gutxikoa, zehatza eta langilea» zela diote ezagutu zutenek. Beste artisten erakusketak ikustea gogoko zuen. Urtarrilean Londresen izan zen, semearekin. Zarauzko Ispilu arte galerian jarri ohi zituen bere lanak, gaia emanda eginak asko. Ataungo Lizarrusti gaineko aterpetxean ere eduki zuen zurezko eskulturen bilduma bat erakusgai, 2013an.

Herrian partaide

Ezkondutakoan etorri zen Ataunera Xanti Iruretagoiena. Seme baten aita —Paul Iruretagoiena bertsolaria—, eskolako Guraso Elkartean jardun zen, eta mendi irteeretan han izaten zen beti. Mendia oso gustuko zuen. Lizarrusti «toki harrigarria» zitzaion: «Eskulturarik onenak Lizarrustirako bidean daude; hango basoak ikustea, hura ikaragarria da».

Euskara indartzeko zereginetan, oroimen historikoko ekimenetan, Gure Esku Dagon, Otso Irakurleak taldean… hamaika taldetan eta lanetan aritu zen.

Utzi ekarpen bat

*

*

Send this to friend