Gazteen interesen eta kezken diagnosia egingo dute Ordizian
Ordiziako Udalak gazte diagnostikoa jarriko du martxan. Horren bidez, tokiko 16 eta 29 urte bitarteko gazteen errealitatearen ezagutza handitu nahi du, gazte politiken diseinua bideratu ahal izateko.Diagnostikoaren helburua ondorengoa da: Ordiziako gaz...
Diagnostikoaren helburua ondorengoa da: Ordiziako gazteen ezaugarri sozioekonomikoei buruzko informazio kuantitatibo eta kualitatiboa jaso eta gai desberdinen inguruan dauzkaten interes, beharrak eta eskaerak jasotzea; herrian gazteei zuzendutako errekurtso eta ekimen publiko zein pribatuei buruzko datuak jasotzea; eta azkenik, gazteriari zuzendutako errekurtso, programa eta politiken diseinurako orientazio eta estrategiak identifikatzea, interesa duten eragile sozial desberdinei zabaltzeko asmoarekin.
Metodologia
Herriko gazteen errealitatean sakontzeko estrategia metodologiko kuantitatibo eta kualitatibo desberdinak erabiliko dituzte; eragile esanguratsuei elkarrizketa, giza eragileei inkesta, gazteei zuzendutako online galdetegia, gazteekin talde eztabaidak eta mintegi bat inplikatuta dauden pertsonekin.
Dinamika eta teknika parte hartzaileen bitartez herriko gazteen inplikazioa lortu nahi du udalak. Eta horregatik, parte hartzeko bide desberdinak proposatu dituzte: gazteek sare sozialen bidez zabalduko den online galdetegia erantzun dezakete edota antolatuko diren hiru talde eztabaidetan parte har dezakete. Bigarren aukerari dagokionez, taldeak adinaren arabera antolatuko dira, ikerketan aztergai dagoen gazteria (16 urtetik 29ra) oso hetereogeneoa baita eta ikuspegi espezifikoa eskaini behar zaie.
Udalak dioenez «ekimen honek, beste aukera berri bat eskaintzen du gazteengana hurbiltzeko, beharrezkoa baita beraien iritziak, beharrak, kezkak edo gogoak zeintzuk diren jakitea». Horrela, «udalaren eta gazteen arteko komunikazioa indartu eta beraien errealitatera egokitzen diren formulak bilatuko dira».
Gazte diagnostikoa, uztailaren amaierarako egina egotea espero du udalak, eta irailean eta urrian, etorkizunari begira ezarri beharreko lan ildoak landuko dituzte.