Landareak eta zizak izan dira feriako izarrak
Poliki-poliki, eta ohi baino hamabost egun beranduago, agertzen ari dira udaberriko barazki berriak. Landare salerosketa izan da, hala ere, jende gehien erakarri duena.Beste urteen aldean aste pare bat beranduago agertzen ari dira barazki berriak, eta...
Poliki-poliki, eta ohi baino hamabost egun beranduago, agertzen ari dira udaberriko barazki berriak. Landare salerosketa izan da, hala ere, jende gehien erakarri duena.
Beste urteen aldean aste pare bat beranduago agertzen ari dira barazki berriak, eta urriago gainera. Hala gertatzen ari da baba eta ilarrekin. Izan badaude, bai negutegikoak baita aire librekoak ere, baina kopuru handirik ez, eta ondorioz prezioak mantentzen dira 12euro ilarra eta 4 euro baba. Barazki berrien artean hauek aipagai: borraja berria (euro 1 sorta), baratxuri burua (bakoitza 50 zentimo) eta errefautxo gorriak eta zuriak, 0,5 eta 0,8 euroan sorta.Azken asteetan agertu direnei erreparatuz, marrubiak 5 euroan daude salgai, baina goizean goiz ibili behar da erosi ahal izateko. Orain arte Aramako Patxi Arizmendik bakarrik ditu eta eskuetatik kentzen dizkiote. Aste batetik bestera gordetzeko eskaria ere jasotzen du. Aire libreko marrubiak, mugurdiak eta abar ekarri ohi dituen Arantza Zurutuzak oraindik ere aste pare bat gutxienez beharko dela esaten zigun. Patata berria (2 euroan kiloa) bai aire librekoa, bai negutegikoa, baina postu pare batean bakarrik. Tomatea (Azkoitikoa) 4 euroan zen. Ondo bidean, eta aterpeak lagun, laster hasiko dira kuiatxoak, lehen piperrak…
Hemengo gereziak ere hasi dira gorritzen baino oraindik plaza barruan inork ez du ekarri. Nafarrak bai, Milagrokoak atzo 5 euroan kiloa salgai plaza inguratzen duten postuetan.
Ziza, lore eta landare feriak
Postu horietako arduradunek esku bete lan izan zuten. Goizean goizetik sumatu zen landare eskaria bizi joango zela. Ilaran egotea ekiditekotan horixe egin behar baita, lehen bait lehen joan. Haiek prest dituzte postuak 07.30erako, hainbat erosle ere ia prest. Lore salmenta beranduago hasi ohi dela dio Maria Dolores Mendizabalek, 10:00ak aldera hasten dela mugimendua. Garai bertsuan inguratzen da ziza eroslea ere. Ziza ugari atzo, orain arteko kopururik handiena. Denak kontatuta 300 kilo hurbil, 18 eta 46 euro artean salgai. Horiekin batera denboraldiko lehen zizahoriak (10 kilo, 20 euroan kiloa) eta onddoak (150 kilo, 12-28€ euro artean).
Biharkoa, arkupeetan
Plaza Nagusian ostiral arratsaldetan jarri ohi diren postuak bihar udaletxeko arkupeetan aurkituko dituzue. Izan ere, Ordiziako Idiazabal Gaztaren Kofradiak 29. kapitulua ospatuko du larunbatean eta bezperan FECOGAko (Gastronomi kofradien Federazioa) produktuen azoka berezia egingo da (18:00-21:00). Bakoitzak (16 guztira) pintxoak prestatuko ditu eta euro batean saldu.