Piper mota ezberdinak ekartzen hasi dira, baita lehen kuiatxo eta luzokerrak ere, baina perretxikoen atala da ugariena, orain arte ikusi den aukerarik handienarekin.
Ekaineko lehen feriak izenari ohore egin dio, eguzkia laino artean bada ere agertu baitzen. Goiz freskoa gauden garairako, 13-14 arteko tenperatura 08:00etan. Produktu berrien emariak zabalik dirau halere; aipagarrienak, piperra, kuiatxoa eta luzokerra.
Piper kontuetan azken urte hauetan geroz eta ezagunagoa den piper luze gozoa hasi da. Ipar Euskal Herrian oso ohikoa den piper hau, Aturri izenekoa. galtzear zegoen, baina Baionako baratzezain batek gorde eta bultzatu du bere hazia. Orain dela urte gutxira arte ez zen hegoaldean ezaguna. Hasieran mesfidati begiratzen zioten erosleek, luze eta fin ikusita bizia izango zelakoan ez zuten erraz erosten. Ezagutu ahala geroz eta estimazio handiagoa du gure merkatuetan ez ezik, baita norberak bere baratzean landatzeko ere. Kiloa 6 euroan saldu zituen lehenak Uzin Azkoitiko Kurutziakoak. Kaxa bete ekarri zuen eta baita goizeko 8ak aurretik saldu ere. Gernika piperrak gehixeago iraun zuten, haiek ere prezio berean.
Izenari ohore eginez, Ibarrakoak izan dira aurtengo lehen piperminak edota
Ibarrako langostinoak. Montesenekoek ekarri zituzten eta kiloa 10 euroan salgai jarri. Postu berean ikusi ditugu negutegiko aurtengo lehen kuiatxo zuri eta berdea, baita luzoker edo pepinoa ere (2,5 euroan kiloa).
Lehen mugurdiak
Lehen mugurdi edo franbuesak ere bai atzo, Aramako Arantxa Zurutuzak ekarrita; 2 euroan saltzen zuen ontzitxoa eta 12 euroan kiloa.
Gereziaren hilabetean ere sartu gara,
12 hilabete 12 produktu kanpainari dagokionez. Propio jarritako postuaren ardura Iriarte fruta saltzaile familiak zuen atzo. Jakin dugunez, tokika izugarrizko aldea omen da aurten Nafarroan gerezi uztari dagokionez. Etxaurin momentu ezegokian izandako trumoi ekaitzek gerezi gehiena hondatu omen du, aldiz, beste toki batzuetan oso uzta oneko urtea dutela diote. Hala entzun genuen Lapurdiko Itsasuko gereziari dagokionez ere. Joan zen igandean ospatu zuen gerezi eguneko festa bertan.
Zizari ugaltzea kosta bazaio ere, kolpe polita izan da nonbait eta atzo 600 kilora hurbildu zen ekarritakoa. Hiru saltzaile ziren, urte guztian egoten den Lasa ez ezik, okasiorako etorritako Felix Barcina eta Garbiñe Barandiaran. Inguruan bildutakoak ere baziren. 10 eta 28 euro artean kiloa. Mikologia eskaintza aberatsa aurkeztu zuten, denboraldiko lehen gibelurdinak Lasak, 10 kilo (24 eurona kiloa); zizahoriak, gorringoak eta onddoak; eta boilurrak,Barcinaren postuan, 15 euroan bakoitza.