Erregai fosilen kontsumoaren araberakoa ez den eredu energetiko iraunkorrago bat bultzatu nahi du Goiekik. Ordizia, Beasain eta Itsason emango dituzte Aldundiaren Argitu tailerrak
Energia, lan esparru sektoriala izatetik lehentasunezko ardatza izatera pasatu da Goierri behean. Hori dela eta, Goieki Goierriko Garapen Agentziak ordezkatzen dituen 18 udalerriekin batera, eredu energetiko iraunko- rrago bat bultzatu nahi du, erregai fosilen kontsumoaren araberakoa ez dena, hain zuzen ere. Helburu nagusia, 2025. urterako C02 emisioa %20 murriztea izango da.
Gainera, orain arte gai honen inguruan egindako lanketa luzearen emaitzak aurkezteko moduan dago Goieki. Diagnostikoaren emaitzak ondorengoak dira: batetik, sektoreen araberako energia kontsumoa aztertu da eta ikusi da Goierri behean industria dela gehien kontsumitzen duen sektorea (%71). Haren atzetik zerbitzuen sektorea dago (%24) eta azkenik, etxebizitza partikularrak daude (%5).
Bestetik, kontsumitzen den energia motari dagokionez, energia elektrikoa da gehien kontsumitzen dena (%42), bigarren tokian gas naturala dago (%35) eta petroleoaren deribatuak ondoren (%23). Energia berriztagarrien erabilera datuak, berriz, zerrendaren azpiko aldean agertzen dira. Izan ere, %0,5 kontsumitzen dira bakarrik.
Datuak eskuan, helburu orokorrak definitu ditu Goiekik 2025 urterako, eta C02 isurketen %20 murriztea izango da helburu nagusia, hau da, gutxienez 45.586 ton.
Lerro estrategikoak
Definitutako helburua lortze aldera, lerro estrategikoak ere diseinatu ditu Goiekik. Batetik, eskualdeko sektore guztietan kultura energetiko berri bat ezartzea bilatuko dute, kontsumo energetikoa murriztuz eta eraginkortasun energetikoa hobetuz. Bestetik, energia berriztagarrien erabilpenaren bidez, sektore guztietan autohornikuntza energetikoa indartzea bilatuko dute. Etxebizitzetan pobrezia eta ahultasun energetiko egoerak identifikatzea eta murriztea eta, azkenik, eskualdeko agente desberdinak eta herritarrak trantsizioaren partaide bilakatzea ere bai.
Argitu tailerrak
Gipuzkoako Foru Aldundiak, Goiekirekin eta eskualdeko udalekin elkarlanean, herritarrei zuzenduriko saioak antolatu dituzte Goierrin, argindarraren kontsumoen informazio egokia eskuratuz hori murrizteko eta energia eraginkortasunean aurrera egiteko. Ordizian, datorren astelehenean, hilak 18 izango da, Beasainen, asteartean eta asteazkenean (hilak 18 eta 19) eta Itsason, hilaren 22an, ostirala, egingo dira tailerrak. Izena emateko edota informazio gehiagorako
rosa@laiacoop.eus epostara idatzi behar da, edo 653 013 702 telefono zenbakira deitu.