Ataun, finalaurrekora

Zizurkil kanporatu du final-laurdenetan, tanto kopuruagatik. Azkoitia egokitu zaio finalaren aurreko kanporaketan. Iazko lorpena berdindu du Ataunek. Zumarraga ere finalaurrekoan

Ataunek, bigarren urtez jarraian, Gipuzkoako Herriarteko esku pilota txapelketaren finalaurrekoa jokatuko du. Iazko balentria errepikatu du, final-laurdenetan Zizurkil kanporatu ondoren. Azkoitia du aurkari final atarian.

Joanekoa Azkoitian jokatuko dute, bihar, Gurea pilotalekuan 22:00etan hasita. Itzulikoa Ataungo Auzoetan izango dute hurrengo asteburuan.

Iaz ere finalaurrekoetaraino iritsi zen Ataun, lehenengo aldiz. Azpeitiak aise kaleratu zuen orduan —5 eta 1—, gero Herriartekoa bera irabaziko zuen taldeak. Aurten 19. aldiz parte hartu du Ataunek esku huskakan.

Azpeitiarren auzo-herrikoei aurre egin beharko diete Ataungo pilotariek hurrengo bi asteburuetan, Azkoitiari. Eskuko Herriartekoan herri historikoena da Azkoitia, edizio guzti-guztietan (51) parte hartu duen bakarra. 16 aldiz irabazi du txapelketa, eta sei aldiz txapeldunorde. Baina 12 urte dira finalean sartu ez dela: 2006an jokatu zuen azkeneko finala Azkoitiak, eta galdu egin zuen. Azken txapela 2005ekoa du.

Zizurkilekin, tantoetara

Final-laurdeneko koska gainditzen uste baino izerdi gehiago bota behar izan du Ataunek. Joanekoa herrian 2 eta 1 irabazita iritsi ziren lehengo ostiralean Zizurkilera. Lanak eman zizkieten zizurkildarrek, eta bi partida irabazi zizkieten Ataungoei. Kadeteek salbatu zuten ontzia. Kaporaketa hiruna berdinduta, 5 tantoren aldeak ebatzi zuen azkenean Ataunen pasaera.

Kadeteei esker. Goikoetxea anaiek 1 eta 22 irabazi zuten. Jubeniletan, Baztarrika-Etxeberriak 22-9 galdu zuten, eta nagusietan Zabala-Arratibelek 22-6.

Finalaurrekoan, Azkoitia-Ataun eta Azpeitia-Oiartzun dira eskuko parekatzeak.

Zumarragak finala eskura

Herriartekoan bizirik geratzen den Goierriko beste udalerriak, Zumarragak, paleta gomaz finalaurreko itzulikoa du, asteburuan. Azpeitiaren aurka, 1-2 atzetik daude zumarragarrak, baina tanto alde txikiarekin.

Larunbatean, Belokin, banakakoa 13-20 galdu zuen Rodriguezek, eta 7 koadroren barruko banakakoa 19-20 Juanenak. Binaka, Andueza-Viana 20-11 nagusitu zitzaizkien azpeitiarrei.

Itzulikoan, Azpeitian, bi partida irabazi beharrean dira.

Utzi ekarpen bat

*

*

Send this to friend