Uda giroa bakarrik falta

Goierriko kanpoko igerileku guztiak zabalik izango dira asteburu honetatik aurrera. Beasainen, Seguran eta Urretxun berrikuntza lanak egin dituzte. Eguraldi onaren zain dago jendea, ordea

Ordiziako_igerilekua

Gaurtik aurrera hoberako joera hartuko du eguraldiak. Hala dio behintzat iragarpenak. Eta beharra izango dute Goierriko igerilekuek, udako denboraldiari hasiera emateko. Izan ere, bihartik aurrera zabalik egongo dira eskualdeko kanpoko igerileku guztiak. Hainbat herritan, berrikuntza lan ugari ere egin dituzte, gainera.

Ordizia eta Lazkao izan dira goiztiarrenak, pasa den asteburuan ekin baitzioten bainu denboraldiari. Eguraldiak ez du askorik lagundu ordea. Zegaman bihar irekiko dituzte eta Beasainen, Idiazabalen, Legazpin, Olaberrian, Ormaiztegin, Urretxun eta Seguran, berriz, larunbatetik aurrera. Udako sasoiak bi hilabete iraungo du, eta irailaren erdi aldera arte egongo dira zabalik kanpoko igerilekuak. Batzuk irailaren 9an bukatuko dute denboraldia, eta besteek 16an.

Berrikuntza ugari

Uda garairako igerilekuak egokitzeko lanak egin dituzte hainbat herritan. Urretxu izan da lanik handienak hartu dituena. Izan ere, igerileku nagusia neurriz txikitu, eta putzu txikia tokiz mugitu dute, nagusiaren ondora gerturatzeko. Makineria ere berritu dute. Maiatzaren azkenean bukatu zituzten lanak, eta irekiera astebetez atzeratu behar izan dute. Bihartik aurrera zabalik egongo dira, ordea. Larunbatean, Denis Itxaso foru diputatua etorriko da lan horiek ikustera.

Beasaingo igerilekua ere berrikuntzekin dator. Igerilekuaren ondoko zelaian belar artifiziala jarri dute; iaz Loinatz zelaiko belarra jarri zuen enpresa berak egin ditu lanak. Orain arteko itzalguneak mantendu eta beste bi estalpe ere jarriko dituzte.

Seguran, bestalde, belardian zegoen ur depositua lekuz aldatu dute, belar gune handiagoa lortzeko. Kanpoko dutxa berriak jarri dituzte eta makinen gelan ere berrikuntzak egin dituzte. Udalak 15.000 euroko inbertsioa egin du, «igerilekuaren funtzionamendu egokia» lortzeko. Iaz bezala, Oxina enpresak kudeatuko du igerilekua.

Utzi ekarpen bat

*

*

Send this to friend