Agirre-Etxeberrin sei hilabete bete dituzte Doinua eskolako musikariek

Aitor Madina Doinua musika eskolako zuzendariak «alde handia» nabaritu dutela dio. Kexarik ez, eta Legazpiko herriari esker ona agertu nahi izan dio zuzendariak

Doinua_musika_eskola

Sei hilabete egin ditu jada Doinua musika eskolak Agirre-Etxeberriko egoitza berrian. «Guk aldaketa handia nabaritu dugu», dio Aitor Madina eskolako zuzendariak. «Hasteko, espazioari dagokionez, lehen egoitza ezberdinetan sakabanatuta geunden. Orain, denak egoitza berean egoteak elkarbizitza sustatzen du, baita koordinazio lanak erraztu ere». Beste abantaila nabarmen bat ere ikusi diote, «musikan jarduteko baldintzak askoz hobeak dira hemen, lehengoak oso eskasak ziren».

Agirre-Etxeberri musikarako prestatu zuen Legazpiko Udalak eta gela bakoitza insonorizatuta dago. «Nor bere gelan dago musika egiten eta kanpoan halako bake giroa dago. Alegia, musika ez da zarata bihurtzen», jarraitu du Madinak.

Doinuan egunero-egunero lanean ari den komunitatea «oso eskertuta» dagoela esan du Madinak, «irakasleok eta ikasleok oso bestelako baldintzak ditugu orain lanerako». Esker ona Legazpiko Udalari zuzendu dio zuzendariak, baina, batez ere, Legazpiko herriari, «herrian daukagun etxe honi halako erabilpen bat eman nahi izanak sentsibilitate berezia dagoela erakutsi du». Izan ere, Agirre-Etxeberri musika gune bihurtzeko hautua legazpiarrek egin zuten parte hartze prozesu baten harira.

«Guretzat egoitza berriak ez dauka baina-rik. Egunerokoan aurkitzen ditugu akats batzuk, eta udalak konpontzen ditu. Eraikinaren birmoldatze prozesua ez dago erabat amaituta. Hor dago, esate baterako, garajearen espazioa, zeina behar den bezala egokitzea falta den erabilpen egoki bat eman ahal izateko». Edozein kasutan, Madinak erantsi du, «ez daukagu kexatzeko aitzakiarik, esker ona baino ez dugu». Hori guztia, gaur-gaurkoz musika eskolan ari diren 400 ikasle ingururen eta 18 irakasleren izenean esan du.

Taberna noiz irekiko irrikitan daude eta irailean zabalduko dutela espero dute, «behin jakinda egongo dela, une zehatz batzuetan haren falta sumatzen hasiak gara».

Taberna ustiatzeko kontratazio prozesua zabaldu du udalak

Agirre-Etxeberri etxean Doinua musika eskola kokatu dute eta eraikina prestatzeko lanetan aurreikusi zuten taberna bati tokia egingo ziotela. Orain, Legazpiko Udalak martxan jarri du taberna ustiatzeko kontratazioa egiteko prozesua.

Eskariak udaletxeko erregistroan aurkeztu ahal dira ekainaren 26ra arte. Tabernaren ustiapena bere gain hartzen duten pertsonek taberna lanez gain,  beheko solairuan dauden komunetara doan korridorea garbitu beharko dute, baita eraikinaren atzeko aldeko sarrera nahiz arkupea ere. Bestalde, behe solairuan dauden erabilera anitzeko gelen irekiera eta itxiera euren kargu hartu beharko dute eta haien garbiketa ere bai, hala dagokienean.

Baldintza berezi batzuk ere jaso dituzte kontratazioa arautzen duten pleguetan. Hain zuzen, garaiko edo nekazaritza ekologikoaren zein integratuaren irizpideak betetzen duten elikadura produktuak erabili beharko dituzte. Gizarte arloaren barruan, enpresa kontratisten baldintza minimoak bete beharko dituzte. Emakumezkoen eta gizonezkoen berdintasunari lotuta, kontratuetan genero ikuspegia txertatu beharko dute.

300 euro hilean
Taberna ustiatzen duenak udalari 300 euro ordaindu beharko dizkio hileko. Ordaina, bestalde, erabiltzaileei emandako zerbitzuetatik soilik eratorriko da. Kontratua urtebetekoa izango da. Eskariak paperean aurkeztu behar dira udaletxeko erregistro orokorrean, 07:30etik 15:00etara; ekainaren 26a horretarako azken eguna da.

Utzi ekarpen bat

*

*

Send this to friend