Lazkaon Dantzari Txikien eguna izango da igandean, lehen aldiz zuberotarrekin

Zazpi talde gonbidatu ditu Oin-Arinek, tartean Ligikoa. Ohiko egitaraua izango du festak: kalejira, saio bateratua eta erromeria. Estreinako aldiz, 400 lagunek batera bazkalduko dute frontoian

LAZKAON_DANTZARI_TXIKI_EGU

Uda aurreko azkeneko Dantzari Txiki Eguna Lazkaon ospatuko da, igandean. Oin-Arin taldeak egun osoko egitaraua antolatu du. Bi berritasun nabarmen izango dira, gutxienik. Dantza taldeei dagokiena bat, Ligiko (Zuberoa) taldea gonbidatu baitute, lehenengo aldiz. Ipar Euskal Herriko dantzak ikusteko aukera paregabea egongo da, beraz, ohiko Dantzari Txikietan egiten direnetatik ezberdinak.

Bestetik, aurreneko aldiz, dantzari, erakusle, musikari eta antolatzaile-boluntario guztiek elkarrekin bazkalduko dute. Plazako frontoian 400 lagunentzat paella prestatuko dute.

Dantzari Txiki eguneko egitaraua igandean 10:30ean hasiko da, plazan. Talde guztiei ongietorria egin eta hamaiketakoa banatuko diete. Desfilea 11:00etan hasiko dute, eta denak atzera plazan 13:00etarako elkartuko dira, alarderako. Ikurrin-dantza, Agurra, San Petit, Axuri beltza, Txankarrankoa eta sueltokoak egingo dituzte.

Kalejira hirutan bereizita

Hiru zutabetan banatuko dituzte taldeak desfilerako, eta hiru ibilbide egingo dituzte. Bina geldialditan saiotxoak eskainiko dituzte. Batzuek Lazkao Txiki Zelaian eta Areso 24-26ko plazan dantzatuko dute; besteek Areria aurrean eta Jose Lasako jolas parkean; eta hirugarrenekoek Gurutze 8-9ko plazatxoan eta Txindoki egoitzaren aurrean.

Bazkaria 14:00etan izango dute, eta 16:00etan Eromeria taldearekin erromeria.

Zazpi dantza talde ariko dira: Beasain, Zegama, Portugalete, Ordizia, Gabiria, Ligi eta Lazkaokoa bertakoa.

Matrikulazioa hilaren 20an

Oin-Arin taldeak ekainaren 20an jarriko du matrikula egiteko aukera, kide berrientzat. Arerian egongo dira (17:00-18:00).

Utzi ekarpen bat

*

*

Send this to friend