Alardean 110 bat lagun aterako dira. Antolatzaileek pentsatu baino partaide gutxiago bilduko dira aurten. Orain 24 urte berreskuratu zuten alardea, Kilometroak jaiaren harira
Aurreko urteetan baino jende gehiago bilduko zutenaren itxaropena zuten Legazpiko Armen Alardearen antolatzaileak. Azkenean, paretsu ibiliko da kopurua, eta 110 bat lagunek parte hartuko dute. Bixente Garmendia antolatzaile taldeko kidearen hitzetan, «hamar tiratzaile gutxiago izango gara aurten». Txilibitu jotzaileak 45 izango dira eta ikurriñak eramaten sei lagun aterako dira. Datorren urtean 25. urteurrena ospatzeko asmoa daukate.
Alardea Legazpiko ehiztariek berreskuratu zuten orain 24 urte Haztegi ikastolak Kilometroak ikastolen jaiaren ardura hartu, eta alardea egiteko eskatu zietenean. «Ehiza kontuekin ibili izan naiz beti eta niri deitu zidaten. Nik beste ehiztariei galdetu nien, eta lehenengo urte hartan 35 lagun atera ginen alardean», dio Bixente Garmendiak.
Orduz geroztik kopurua haziz joan da eta Garmendia harro agertu da, beste alarde batzuetan ez bezala, «guk parte hartzearen atea beti izango dugu zabalik. Lehenengo urtetik emakumezkoak atera dira, eta guk ez dugu inongo trabarik jarri. Are gehiago, emakumezkoak edo irten nahi duen edonor batzen bazaigu, gu pozik».
Urteurrena prestatzen
Datorren urteko urteurrenaren harira, hasi dira honezkero egingo dituzten ekintzak pentsatzen. «Lehenengo urtetan atera ziren ehiztariak elkartu nahi ditugu eta datorren urtean parte hartzera gonbidatu, batzuk ez dira jada ateratzen adinean aurrera egin dutelako», azaldu du Garmendiak. Argazkiekin erakusketa bat osatu nahi dute eta Kultur Etxean legazpiarrek ikus dezaten jarri. Garmendiak adierazi duenez «datorren urteko alardea berezia izango delakoan gaude».
Etzi, alardean parte hartuko dutenak Laubide auzoan elkartuko dira 18:30ean. 19:00etan ekingo diote ibilbideari Laubide,tik Santikutz egoitzara, eta, urtero legez, Bikuña jauregira,; han geldialdia egingo dute Euskal Herria plazara iritsi aurretik. Bikuña jauregian mokadutxoa prestatzen diete. Geldiune hori 19:30ean egingo dute eta plazara 20:15ean iritsiko direla aurreikusi dute.
Alardeari buruzko lehen dokumentua, 1506. urtekoa
Legazpiarren eta armen alardeari buruz idatzitako lehen dokumentu historikoa 1506. urtekoa da. Ez du alardea Legazpin egiten zenik adierazten, baina bai legazpiarrak Segurara joan eta hango alardean parte hartzen zutela.
Legazpi eta Segura lotzen dituen ibilbidea ez omen zen legazpiarren oso gustukoa, eta ika-mikak izan ziren bi herrien artean. Legazpiarrek, euren alarde propioa egitea lortu, eta urte batzuetara, 1608an, Legazpitik banandu ziren. Alardeen helburua armen bitartez indarra erakustea izan da beti.