Plazako mintzagai nagusi bihurtu da eguzkia halako batean azaldu denekoa, eta iraunkortu dadila da denen gogo eta esanetan; San Joan egunaren ingurukoek ere zeresana eman dute.
Udako atari-atarian gertatu da aurten aurrenekoz itzalkin edo sonbrilla beharra Ordiziako azokan. Behin edo beste jarri izan dituzte, baina alferrik; atzo, berriz, goizean goizetik eguzkia dotore. Halere, berandu da landarezaleentzat bereziki. «Urte txarra joan da, landareak puntuan zeudenean eguraldiak ez du lagundu eta luzez iraun du horrek», zioten aho batez, «landatutako asko galdu egin da, edota bare eta karakolak jan, eta jendeak gogoa eta ilusioa galdu du».
Baratzetan, berriz, landare asko horitu egin da, piperra esate baterako, eta tipula gorria herdoiltzen hasia da. Tomateari buruz, «gerria makurtu gabe biltzeko moduan izango gara aurten, hotzarekin geldi egon dira. Zuten lorea galdu eta ez du alerik hartu», aipatzen zuen Juanita Murgiondo mutiloarrak.
Lehen lekak
Onetik ere bazen, noski. Lehen lekak ekarri zituen Anoetako Maite Jauregik, negutegikoak, kiloa 5 euroan, otsailean ereindako Indal motakoa.
San Joan sagar arbolak bete-betean daudela zioen Maria Jesus Oriak: «Atzo begira egon nintzen eta txikia dago oraindik, ekartzeko moduan ez, baina ugari bai. Ea eguraldiak laguntzen duen».
Aurten barazkiak beranduago datoz; ilarra, esate baterako, garai honetarako ja bukatuta izaten da eta oraindik bete-betean da baratze askotan. Berez erortzen diren hazietatik ernatu ohi diren zuhaitz landareei buruz ere kontu bera entzun dugu: «Pago, lizar edo haritz landarea buruan ilea bezala dator eta berde-berde dago oraindik», Zeraingo Muñoko Klaudio Mendizabalen hitzetan.
Ziza ere berandu aurten
Udaberriko ziza asko dago oraindik, atzo 440 kilo jarri zituzten salgai guztira (8-22 euro kiloa), baina bakantzen hasiko da. Hala, Gasteizko Garbiñe Barandiaranek ez du ziurtatu datorren astean etorriko denik, beranduago hasi eta beranduago bukatuko ditu aurtengo joan-etorriak.
Suaren inguruan
Orain arteko txar guztia sutara botatzeko garai aproposean gaude. Eguzkia goren-gorenean dago, eta San Joan inguruko ohiturak ahoz aho zebiltzan. «San Joan suan saltoak eginez erreumari kontra egiten zitzaiola zioen gure amak», Orendaingo Kontxi Aiestaranek esanda. Lizarra eta elorri adarrak etxe sartzeetan jartzearena ere bizi-bizirik da etxe eta herri askotan.