Irabazteko ezer gutxi, eta galtzeko dena. Frantziako Tourreko lehenengo astearen patua da hori. Gorka eta Ion Izagirre anaiek (Bahrain-Merida) aurreneko hiru etapak egoki igaro dituzte, ikusiak ikusi. Ion Izagirrek lurra probatu du, ordea, 1. etapan er...
Irabazteko ezer gutxi, eta galtzeko dena. Frantziako Tourreko lehenengo astearen patua da hori. Gorka eta Ion Izagirre anaiek (Bahrain-Merida) aurreneko hiru etapak egoki igaro dituzte, ikusiak ikusi. Ion Izagirrek lurra probatu du, ordea, 1. etapan erori baitzen, Fontenay-le-Comteko helmugatik gertu. Chris Froome ahalguztiduna bezala.
Taldekako erlojupekoa jokatu zuten, atzo (35,5km). Bi ormaiztegiarren Bahrain-Merida zortzikoa 11. sailkatu zen, BMC irabazleagandik 1:06 minutura eta Sky bigarrenagandik 1:02ra. Taldeari denbora ematen dioten lau ziklistak soilik iritsi ziren Bahrainen; azken 9 kilometroak bakarrik egin zituzten Izagirre anaiek, Nibalik eta Pozzovivok.
Banakako sailkapen nagusian, Greg Van Avermaet flandiarra (BMC) jarri da lider. Gorka Izagirre 23. da, 1:06 minutura. Ion Izagirre, 56. postuan, 1:57ra.
7.000 kilometro hanketan
Artez edo moldez, Gorka Izagirre puntu bat gorago iritsi da Tourrera. Espainiako errepideko txapelketa irabazita. Atzo urteko 7.003. kilometroa bete zuen lehian (49 karrera egun ditu). Sei itzuli korritu ditu 2018an, Omango Tourreko eta Paris-Nizako 3. postuak tartean. Baita hiru klasiko eta estatukoa ere.
Ion Izagirrek 6.776 kilometro ditu hanketan, atzokoarekin, 48 karrera egunetan.