Euskaraldia girotzeko hainbat ekitaldi antolatu dituzte. Gaur apar festa egingo dute herritar guztientzat, pilotaleku zaharrean. Euskaraldiarekin bat egin duten hamaikakoa aurkeztu dute
Segurak eta segurarrek ere bat egingo dute azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitartean Euskal Herri mailan egingo den Euskaraldia egitasmoarekin. Hizkuntza ohiturak astindu eta ohiko harremanetan euskara gehiago erabiltzeko ariketa bat da Euskaraldia. «Euskal Herrian euskara ulertzen duen jendea pentsatzen duguna baino gehiago dela jabearaztea eta euskara gehiagotan erabili dezakegula ikusaraztea» da Euskaraldiaren helburua.
Segurako aurkezpen ofiziala irailaren erdialdean egitekoa bada ere, Euskaraldiaren antolaketan lehenengo urratsa egin dute dagoeneko: hamaika laguneko taldea aurkeztea. «Inoren ordezkari izan gabe, modu pertsonalean eta borondatez arituko direnek eta gainerako herritarrak egitasmoan parte hartzera animatuko dituztenek» osatzen dute hamaikakoa. Ondorengo lagunek osatzen dute Segurako hamaikakoa: Arantxa Salegi, Josu Agirre, Estitxu Izagirre, Leandro Elortza, Rquia Aksas, Aimar Intxausti, Rosa Arregi, Pako Mujika, Edurne Lujanbio, Julen Telleria eta Amaia Redondo.
Seguran etxez etxe banatuko duten aurkezpeneko eskuorrian parte hartzeko deia egin die herritarrei: «Herriko egoera soziolinguistikoa aldatzeaz gain, herri euskaldunetako herritarrok izugarrizko ekarpena egin dezakegu herri eta hiri erdaldunagoetan, batez ere Ahobizien kasuan». Izan ere, «jakina da segurarrok herrian ez ezik, Beasainen, Ordizian, Donostian eta Bilbon ere mugitzen garela. Gure hizkuntza eta gure hauspoa leku horietara eramateko une aproposa da, edozein lekutan lehen hitza euskaraz eginda. Hamaika aukera sortuko ditugu euskaraz egitean».
Hamaikari keinu eginez
Hamaika zenbakiari keinu eginez eta Euskaraldia girotzeko, gaur hasi eta azarora bitarteko hilabete bakoitzeko 11. eguna berezia izango da Seguran. Gaur, 17:00etan, apar festa egingo dute igerileku ondoko tenis pistan; herritar guztiak daude gonbidatuta.
Abuztuaren 11ko ekitaldia erabat zehaztu gabe baldin badaukate, igerilekuan film emanaldia ikusteko aukera izango da.