Legazpiko azken gudaria

Atzo egin zuten Hendaian (Lapurdi) Iñaki Errekabide gudariaren hileta elizkizuna. 1916an jaio zen eta 102 urte zituela joan da. Eusko Gudarostean borroka egin zuen, besteak beste, Intxortako batailan izan zen.

Iñaki Errekabide joan da. Legazpiko azken gudaria joan da, eta atzo senideek zein lagunek ohorezko agurra egin zioten Hendaian (Lapurdin), han bizi baitzen aspaldi. Ikurrinaren koloreak, aurreskua eta txistu doinuak lagun esan zioten agur. Errekabide joan da Eusko Gudarosteko gudariak tantaka joaten ari diren bezalaxe.

Errekabide Itxarkundia batailoian (EAJ) ibili zen gudari. Legutioko (Araba) batailan eta Artxandakoan (Bizkaia) parte hartu zuen, Durangoko eta Ger- nikako bonbardaketen lekukoa izan zen, biak Bizkaian. 36ko gerrak iraun bitartean, Errekabidek egindako mugimenduak erabat zehazterik ez dagoen arren, makietan ere ibili zela zioen Ramon Mujika Leizeaga gudari legazpiarrak. Nazionalek preso hartu zuten eta, besteak beste, errepideak egiteko erabili zuten baldintza oso txarretan.

Legazpira itzuli zenean askotan atxilotzen zutela eta giroa erabat itogarria egin zitzaiola entzun izan du etxean Rakel Guridi ilobak. «Landatan (Frantzia) lehengusu bat zuela eta muga pasa zuen 1949an izan liteke. Gerokoa ez dakit oso ongi, baina han istripu bat izan zuen eta Bigarren Mundu Gerratik urrun egon zen istripu hargatik, edo istripu hari esker; bestela, handik ere alde egin beharko zuelako», kontatu du Guridik. Parisera joan zen eta han ofizio bat ikasteaz gain, Seguran jaio eta urte luzetan Urretxun bizi izandako Maria Angeles Guridirekin ezkondu zen Euskal Etxean.

Guridi beraren istorioa ere ez da nolanahikoa. Hoteletan zerbitzari lanetan ari zela Parisko familia bat ezagutu zuen eta han lan egiteko aukera onak zeudela entzunda, Parisera joan zen Guridi.

Ezkondu eta bi alaba izan zituzten elkarrekin. Erretiroa hartu zutenean Lapurdira aldatu ziren. «Erbestean zeudenek eskaera bat egin behar zuten, behin Franco hilda, eta ordaindu behar zuten itzultzeko. Osabak bere herrira bueltatzeko ez zuela ordainduko esaten zuen, eta luzaroan izeba eta lehengusuak bakarrik etorri ziren».

Errekabideren soslaia

Iñaki Errekabide, Martin Ugarte (Saletxe) eta Julian Gerra (Errekaeta)

Iñaki Errekabide, Martin Ugarte (Saletxe) eta Julian Gerra (Errekaeta)

Etxean osabaren istorioaren berri izan dutela, baina gerra garaiko detailerik ez dutela dio Rakel Guridik, «osabak ez zuen gaiaz asko hitz egiten». Guridik ederki egin du haren soslaia, «izaera eta pentsamendu independenteak zituen. Ekologia existitzen ez zenean bera ekologista zen. Ez zuen sekula autorik izan eta bizikletan ibiltzen zen. Inoiz ez zuen etxerik erosi, beti bizi izan zen alokairuan eta erretzeari utzi zion zigarroak erosten estatuari dirua ematen ziola konturatu zenean. Mendizalea, txirrindularia eta irakurle amorratua zen, beti irakurtzen zegoen».

Elgetan orain bi urte egin zuten Erresistentziaren Egunean, 36ko gerran, Intxorta mendietan, negu gorrian izan ziren borroka gogorretan, hango lubakietan defentsan aritu ziren hamasei gudari omendu zituzten. Omenduen artean Iñaki Errekabide zegoen. Ez zen bertan izan, baina han egon zen nonbait eta pozez bete zuen Elgetatik Hendaiara bidali zioten eskultura jasotzeak. Izan ere, Errekabidek eta beste gudariek ere seguruen, gerran egindako zauriak baino, minberago sentitu dute ondorengo ahanzturaren zauria.

Errekabide joanda gaur-gaurkoz hemeretzi euskal gudari daude bizirik. Azken urteotan gudarien memoria jasotzeko lan oparoenetakoa egiten dabilena Mauro Saravia argazkilari txiletarra da. Bai, txiletarra da, horrek eman beharko luke zer pentsatua. Ahanztura ez da onargarria. Iñaki Errekabide azken gudari legazpiarrari agur eta ohore.

Basoetako maki gerrillarietako bat izan zen Iñaki Errekabide

Ramon Mujika Leizeaga gudari legazpiarrak 2010ean emandako informazioaren arabera, hiru legazpiar ibili ziren makietan. Iñaki Errekabide, Segundo Azurmendi eta Luis Murua.

Errekabide eta Azurmendi gudari abertzaleak izan ziren. Aitor Ibañez de Garatxagaren arabera, «abertzale gutxi ibili zen makietan». Murua Izquierda Republicanan aritu zen. Azurmendi eta Errekabide Nafarroa eta Aragoiko haranetan ibili ziren –Erronkari eta Salazar ibarretan Nafarroan, eta Anso eta Hechon Aragoin–. 1945-1946 urte artean aritu ziren makietan Mujikak esandakoaren arabera. Gerora, biak ala biak Iparralden errefuxiatu ziren. Murua makietan ibili zen 1944-1946 urte artean; Errekonkistaren kanpainan eta Araneko bailarako inbasioan izan zen. Hura ere Iparralden errefuxiatu zen.

Frankoren kontrako mugimendu gerrillariak izan ziren makiak. 36ko gerrarekin hasi ziren borrokan eta 1945-1947 urteen artean kokatzen dute historialariek haien urrezko aroa. Orduz geroztik, frankismoaren errepresioa gogortu egin zen eta maki asko atxilotu zituzten, baita erail ere. Onik atera ziren makietako askok Frantziara edo Marokora ihes egin zuten. Maki mugimenduaren akabera 1960ko hamarraldian kokatu da.

Makiak, batik bat, mendi inguruetan ibili ziren eta haien sostengurako ezinbestekoa izan zen hainbat herritarrek eman zieten laguntza eta babesa. Elikagaiak eramanda, informazioa helarazita edota postari lanak eginda, besteak beste.

Utzi ekarpen bat

*

*

Send this to friend