Almitza segalari elkarteak uztailaren 29an bukatuko du Euskal Herriko IX. Sega Liga, Altzon. Abuztuan Txekiako lehiaketa batera joango dira, eta irailean Austriara
Segalaritza suspertzeko eginahalean, ortzimuga gehiago zabaltzen jarraitzen du Almitza segalari elkarteak. Batetik, Euskal Herriko lurretan ongarritu nahi du kirol hori. Horretarako antolatu dute eta garatzen ari dira IX. Sega Liga. Hiru jardunaldietan azkenekoa Altzon (Gipuzkoa) jokatuko dute, uztailaren 29an. Bazkariarekin borobilduko dute aurtengo ekina, hango jaietan.
Herenegun, Altzon elkartu ziren ligako lau mailetako liderrak. Alaitz Imaz Hernialdekoa (emakume nagusietan buru), Maide Garmendia Zaldibiakoa (neska gazteetan), Arkaitz Gabirondo Gaztelukoa (mutil gazteetan) eta Julen Gabirondo Urnietakoa (gizonezkoetan lider).
Abuztuan Txekiara
Bestetik, nazioarteko proiekzioaren pultsuari eutsi nahi dio Almitzak, eta maiztasuna areagotuko du uda honetan. Bi gonbidapen jaso dituzte euskal segalariek Austriatik eta Txekiatik, nazioarteko segakeran.
Abuztuaren 14an Txekiara joango dira bederatzi segalari. Iaz Ingenbohl-Brunnen-en (Suitza) Europako Txapelketan sailkatutako lehen 20na segalariekin antolatu dute lehiaketa ikusgarri bat, abuztuaren 18an, Pragatik ehun-bat kilometro hegora.
Gizonezkoetan, 750 metro koadro ebaki beharko ditu bakoitzak; 300 metro luze eta 2,5 zabal den saila, maila bakarrean eta sega bakarrarekin. Emakumezkoek, metraje erdia izango dute.
Europako Txapelketan postuak lortutako Ainhoa Mazkiaran eta Alaitz Imaz, eta Jexux Mari Goenaga (2.), Julen Gabirondo (6.), Bixente Mitxelena (14.) eta Migel Mari Jauregi
Altzo (19.) joango dira Txekiara. Baita, beste herrialde batzuetako hutsuneak betez, Andoni Goikoetxea, Suharri Irazustabarrena eta Mikel Lizartza ere.
Bitxitasun modura, euskaraz dakiten hiru txekiarrekin topo egingo dute han.
Irailean Austriara
Irailaren 16an, berriz, Austrian taldekako txapelketa batean parte hartuko dute Almitzakoek, lau segalarirekin. Alemaniako Bavariako eta Austriako beste eskualde batzuetakoek elkarrekin urtero festa bat egiten dute, euren identitate nazional berezituaren aldarrikapena aireratzeko. Hara gonbidatu dituzte euskaldunak. Oraindik ez dute taldea zehaztu.
2019ko abuztuaren 17an Austrian jokatuko da banakako Europako Sega Txapelketa. Ordurako zelaiak eta parajeak ikuskatzeko baliatuko dute, bide batez, iraileko egonaldia.