Hondakin plantan egindako berrikuntzak aurkeztu dituzte. Legazpiko instalazioak berritzeko 2,6 milioi euro inbertitu ditu Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak
Jose Ignazio Asensio sozialista buru duen Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen eta obra hidraulikoen sailak Legazpiko hondakin plantan egindako berrikuntzak eta, haiei esker, plantan aurrerantzean egin ahalko dituzten lanak aurkeztu berri ditu. Legazpiko Industrialdean kokatuta dagoen plantan 2.000 tona plastikozko poltsa birziklatuko dira.
Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak 2.627.000 euroko inbertsioa egin du, eta planta berriari urtean 25.000 ontzi tratatzeko gaitasuna erantsi dio. Diotenez, 2.000 plastikozko poltsen tratamenduak «haiek botatzeagatik sortzen diren kutsadura arazoak ekidingo du».
Plantan egindako berrikuntzek jarraipena eman diote 1997an aldundiko ingurumen sailak eta Sasieta Mankomunitateak egindako hitzarmenari; izan ere, orduan hartu zuten Legazpiko hondakin planta eraikitzeko erabakia. Orain, 1.000 metro koadroko azalera egokitu dute eta instalazioak berritu dituzte. Makinaria berria dela medio ekoizpen ahalmena hirukoiztu egingo dute.
Ustiapena CESPAk eta Campezok osatzen duten aldi baterako enpresa elkarteari esleitu diote. Cespak Mutiloako zabortegia ere kudeatzen du. Esleipena lau urterako da, eta bi urtez luzatu ahalko dute. Esleipen hori 5.764.000 euroan egin du aldundiak
Legazpiko plantan honako mankomunitateetako ontziak tratatuko dira: Debabarrena, Debagoiena, Urola Erdia, Urola Kosta, Tolosaldea eta Sasieta. Aldunditik esan dute ontzien bilketak igoera nabarmena izan duela azken urteotan. Sasieta Mankomunitateko datuen arabera, Goierriko herrietan 23,9 kilo zabor bota dira, biztanle bakoitzeko, urtea hasi zenetik edukiontzi horira.
Plantak dibulgazio proiektu bat izango du. Edukiontzi horira botatzen dena birziklatzeko plantan egiten den lana erakutsiko zaie bertara bisitan doazen ikasleei.